Politika -
BEC
EAJk Asanblada Orokorra egingo du asteburuan "Abian Zurekin" lelopean
"Ezohiko" hitzordua izango da, EBB duela urtebete berritu zelako, 2020ko abenduan, eta estatutuen erreforma ere onartu zelako orduan.
agentziak | eitb media
EAJk VIII. Asanblea Orokorra egingo du asteburu honetan Barakaldoko (Bizkaia) BECen "Abian Zurekin" lelopean, eta "ezohiko" hitzordua izango omen da, Mireia Zarate alderdiaren idazkari exekutiboaren arabera.
Euzkadi Buru Batzarraren (EBB) idazkariak asteazkenean emandako prentsaurreko batean esan zuen Asanblada Orokorra, kongresu baten parekoa dena, "ezohikoa" izango dela, EBB duela urtebete berritu zelako, 2020ko abenduan, eta estatutuen erreforma ere onartu zelako orduan. Hala, Asanblada Orokorrean ez da Euzkadi Buru Batzarraren presidentea eta zortzi kideak hautatazeko Asanblada Nazionalik egingo.
Horregatik, "bi urteren ostean alderdiaren eta militanteen arteko elkartze" gisa aurkeztu dute, izan ere, EAJk ezin izan ditu kideekin ospatu Alderdi eta Aberri egunak 2020an eta 2021ean.
Asanblada bitan atzeratu behar izan dute covid-19aren pandemiagatik, hasiera batean 2020ko uztailean egitekoa baitzen (EAEko hauteskundeak martxotik uztailera mugitu zituztelako atzeratu zen) eta ondoren urte bereko abenduan, baina ez zen egin pandemiaren intzidentzia altuagatik.
Orain eutsi egin diote Barakaldoko BECeko deialdiari, nahiz eta EAJk aitortzen duen ez dela "une egokia covid-19aren intzidentziari dagokionez".
"Hala eta guztiz ere, uste dugu txertaketa % 90etik gora egonda pertsona helduen artean, segurtasunarekin eta bermeekin" egin daitekeela Asanblada Orokorra, distantzia zainduz, musukoa erabiliz, aireztapen egokiarekin, gel hidroalkoholikoarekin eta sarbidea ongi azalduta, EBBk azaldu duenez.
"Abian Zurekin" leloaren arrazoia omen da pandemiaz eta "egoera zailaz" gaindi, "Euskadi zutik eta martxan" dagoela, "eta EAJ ere bai".
EAJk lortutako hauteskunde arrakasten eta "barne bakearen" ondorioz, euren postuetan jarraituko du 2004tik alderdia zuzentzen duen Iñigo Urkulluren, Andoni Ortuzarren, Joseba Aurrekoetxearen, Koldo Mediavillaren eta Aitor Estebanen belaunaldiak; agintaldia amaitzen denean, 2024an, 65 urte inguru izango dutenak, Joseba Egibarrek bezalaxe.
Bi txosten
Asanblada 09:30ean hasiko da larunbatean, eta oraingoan ez da ponentzia politikorik aurkeztuko, "baina bai barne eztabaida aberasgarri bat eta EBBren diagnosia", jeltzale guztien aurrean azalduko dutena, eta "txosten hori izango da gizarteari entzuteko prozesuaren oinarria", EBBk jakinarazi duenez.
Egun horretan bertan, 16:30ean, "EAJrekin harremantzeko eredu berri bat" aurkeztuko dute, "ohiko militantziaren aldean desberdina izango dena", eta alderdiko buruzagiekin "kalitatezko elkarrizketa bat edukitzeko aukera emango diona nahi duenari".
Asanblada Orokorra igandean amaituko da, ekitaldi politikoarekin. 11:30etik aurrera Andoni Ortuzar EBBren presidenteak eta EGIko ordezkariren batek hartuko dute hitza. Oraingoan ez da "makila" emateko ekitaldirik egongo, Ortuzarrek iaz berritu baitzuen kargua.