Politika -

Manifestazioa

Otegik "bloke historiko bat" osatzeko deia egin du "herri honek merezi duen estatusa lortzeko"

EH Bilduk deituta, milaka lagun elkartu dira gaur Bilbon egindako manifestazioan "Lortu arte" lelopean, eta koalizioaren koordinatzaile nagusiak "lidergo berritua" aldarrikatu du etorkizuneko "erronka handiei" aurre egiteko.

EH Bilduren manifestazioa, Bilbon. Argazkia: EH Bildu
EH Bilduren manifestazioa, Bilbon. Argazkia: EH Bildu
EH Bilduk deitutako manifestazioak milaka herritar elkartu ditu Bilbon

1:10

eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arnaldo Otegi EH Bilduren koordinatzaile nagusiak Euskal Herrian "bloke historiko bat" osatzeko deia egin du "herri honek merezi duen estatusa lortzeko", eta "lidergo berritua"rekin etorkizuneko "erronka handiei" aurre egiteko.

EH Bilduk deituta, milaka pertsona elkartu dira Bilbon "Lortu arte" lelopean Euskal Herriaren independentzia, justizia, feminismoa, ekologismoa, antifaxismoa, euskara eta bakea aldarrikatzeko, "mugarri" izatea nahi duten ekitaldi baten baitan.

Manifestazioa 17:30ean abiatu da La Casillatik, eta Autonomia kalea eta hiriko beste zenbait kale zeharkatu ostean, udaletxean amaitu da, Arnaldo Otegiren eta Garazi Perearen hitzaldiekin.

Ezker abertzalearen buruzagiak "errespetua" eskatu du "Estatuko nazioentzat", eta "lidergo berritua" eraikitzeko aldarrikapena egin du "nazio sozialista, independentea eta burujabea" lortzeko.

"Nazio honek, euskal langileriaren herriak, bloke historiko bat osatu beharra dauka herri honen lidergoa hartu eta merezi duen estatusa lortzeko", adierazi du Otegik, "euskal nazioarekiko eta erabakitzeko eskubidearekiko errespetua" eskatu aurretik.

Koalizio abertzalearen koordinatzaile nagusi ere badenak zehaztu du blokearen proposamenak ez duela zerikusirik "siglekin", "etorkizunari konfiantzarekin eta konplexurik gabe" aurre egiteko lidergo bat izan behar omen da, eta "lidergo hori partekatzeko prest" daudela ziurtatu du.

"Poliki goaz urrutira goazelako"

"Nazio feminista, sozialista, independentea, burujabea, ekologista eta berdinzalea" eraikitzearen alde agertu da, eta horretarako, ezker abertzalearen "filosofia" defendatu du: "Poliki goaz urrutira goazelako".

Otegik Santi Brouard eta Josu Muguruza izan ditu gogoan hilketen 37. eta 32. urteurrenetan, eta "Espainiako eta Frantziako estatuetan presoak bisitatzera joan diren senideak" ere ekarri ditu gogora.

Otegiren ustez, Euskal Herriaren arazo guztiek dute "jatorria Trantsizioaren ereduan, krisian baitago", "Estatuko nazioak eta langileek kolokan jarri dute".

Arazo guztiek dute "jatorria Trantsizioaren ereduan

"Lurralde eredua ere krisian dago, eta Estatuko nazioak errespetatzen hasi beharra dago", goraipatu du.

Manifestazioa egiteko eguna ez da ausazkoa izan, Santi Brouarden eta Josu Muguruzaren hilketen urteurrenean baita (37. eta 32. urteurrenak, hurrenez hurren), eta presente egon dira manifestazioan.

"Lortu arte. Aske eta berdinen Euskal Herria" leloa zeraman pankarta eraman dute koalizioaren ordezkari nagusiek, tartean Arnaldo Otegik berak, Maddalen Iriarte eta Bakartxo Ruiz Legebiltzarreko eta Nafarroako Parlamentuko bozeramaileek, eta Brouarden alaba Edurne Brouardek.

Manifestazioan parte hartu dute, era berean, BNGko, ERCko, CUPeko, Mes per Mallorcako eta Andecha Asturreko kideak, besteak beste.

80 autobusetik gora iritsi dira gaur Bizkaiko hiriburura Euskal Herriko txoko askotatik, eta antolatzaileen eskaerari jaramon eginez, manifestari gehienek daramate musukoa jantzita; izan ere, "elkar zaintza izango da ezkerreko subiraniston tresnarik indartsuena".

EH Bilduren manifestazioa, Bilbon. Argazkia: EH Bildu

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Bilbo Bizkaia Euskal Autonomia Erkidegoa EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak Manifestazioak