Politika -
Diputatuen Kongresua
EAJk eta EH Bilduk 2022ko aurrekontuetan zuzenketak sartzen jarraitzen dute
Jeltzaleek 32 zuzenketa gehiago barneratu dituzte, besteak beste, 17,1 milioi euro trenbideetarako. Bestalde, EH Bilduk Sestaoko labe garaia birgaitzeko eta tren azpiegituretan inbertitzeko partidak sartu ditu.
Agentziak | EITB Media
EAJk 32 zuzenketa gehiago barneratu ditu Estatuko Aurrekontu Orokorretako lege-proiektuan, besteak beste, 17,1 milioi euro trenbideetarako. Kopuru horretatik, 8,7 milioi euro Miranda Ebro-Amurrio tarteko, Donostiako, Anoetako, Urnietako, Ortuellako eta Aranguren-Balmaseda tarteko trenbide-pasaguneak kentzeko izango dira.
Guztira, 15 zuzenketa onartu dituzte trenbide azpiegituretarako udalerri ezberdinetan. Bestalde, Luiaondo (Aiara), Itsasondo, Pasaia, Irun, Zorrotza eta Santurtziko geltokiak birmoldatzeko 5,4 milioi euro lortu dituzte.
EAJk jakitera eman duenez, oraingoz 41 zuzenketa sartu dituzte aurrekontuetan, 30 milioi euroko balioa dutenak.
Batzordean tramitea babestu ondoren, EAJk Senatuan aurrekontuak eztabaidatzen jarraitzen espero du, AHTaren Bilboko lurperatzea bideratzeko asmoz kontuei behin betiko baiezkoa eman baino lehen.
Batzordearen hirugarren eta azken jardunaldian, ikerketa, garapen eta berrikuntzan, kulturan eta azpiegituretan inbertsioak onartzea erdietsi dute jeltzaleek.
Udalerrietako proiektuei dagokionez, Zumaia eta Getaria arteko pasealekua eta Plaiaundi ibarra (Irun) lehengoratzeko lanak; Argantzun eta Araba lotzeko Zadorra ibaiaren gainean zubi bat eraikitzeko lanak; eta Bilboko Itsasadarra 2000 proiektua itxi ditu EAJk. Guztira, 4,37 milioi euro bideratuko dira horietara.
Bestalde, EH Bilduk Sestaoko labe garaia birgaitzeko eta tren azpiegituretan inbertitzeko partidak sartu ditu Estatuko Aurrekontu Orokorretan.
Gainera, amiantoaren biktimei kalte-ordaina emateko 25 milioi euroko funts bat adostu dute koalizioak eta Espainiako Gobernuak, EH Bilduk ostegun honetan goraipatu duenez.
Zuzenketen bigarren paketean, koalizioak Sestaoko labe garaia (Bizkaiko labe garai zaharra) birgaitzeko proiektu bat barneratu du koalizioak, Bizkaiko industria garaia ardatz duen turismoa erakartzeko egitasmo bat sortzeko helburuarekin.
Trenbide azpiegiturei dagokienez, Barakaldon, Renfe aldirietako C1 lineako geltokiaren irisgarritasuna hobetzeko zuzenketa bat adostu du EH Bilduk, bertan bi igogailu jartzeko. Santurtziren eta Bilboko Portuaren artean trenak sortzen duen zarata murrizteko beste aurrekontu-sail bat lortu du koalizioak. Bi partidek milioi bat eurotik gorako lanak bideratuko dituzte.
Era berean, Gasteiz, Agurain eta Irurtzun arteko pista baten bidez, Plazaola bide berdearekin lotzeko milioi bateko saila jasoko dute kontu publikoek. Horrela, Araba eta Nafarroa lotuko dituen bide berde bat sortuko dute.