Politika -
EUSKO LEGEBILTZARRA
Bitarteko langileentzako LEP espezifikoak baztertzen dituen Administrazio Legea onartu du Eusko Legebiltzarrak
Administrazio Legea aurrera atera da EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin. Oposizioak, ostera, aurka bozkatu du arau berriak behin-behinekotasuna murrizten ez duela lagunduko iritzita.
AGENTZIAK | EITB Media
Eusko Jaurlaritza sostengatzen duten bi alderdiek bultzatuta, Administrazioko Kidego eta Eskala Legea onartu du gaur Eusko Legebiltzarrak. Arau berriaren arabera, ordea, ezingo dira egin Lan Eskaintza Publiko espezifikoak edo berezituak esperientzia handia duten bitarteko langileentzat. Hasierako testuak aukera hori jasotzen zuen.
Administrazio Lege berria aurrera atera da EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin. Oposizioak, ostera, aurka bozkatu du arau berriak behin-behinekotasuna murrizten lagunduko ez duelakoan.
Behin-behinekotasuna % 40tik gorakoa den kasuetan, bitarteko langileentzako Lan Eskaintza Publiko espezifikoak egiteko aukera jasotzen zuen hasiera batean legeak. Hasierako asmoaren arabera, LEP horietan parte hartzeko lanpostu berean zortzi urte baino gehiagoko esperientzia egiaztatu behar zuten bitarteko langileek.
Hala ere, Auzitegi Konstituzionalaren epai baten ondotik azkenean testua moldatu dute gobernu koalizioa osatzen duten alderdiek. Zehazki, Auzitegi Konstituzionalak EAEko Polizia Legearen zati bat atzera bota zuen lanpostu publikoa eskuratzeko formula berezitu hori Konstituzioaren aurkakoa delakoan.
Gaur Eusko Legebiltzarrak onartu duen lege berriaren arabera, bai hartuko da kontuan behin-behineko langileen antzinatasuna. Hala ere, gehienez ere puntuazio osoaren % 20 izango da.
Olatz Garamendi Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernu sailburuak administrazio lege berria defendatu du. Haren esanetan, segurtasun juridikoa ematen dio sektore publikoko enpleguaren barne egiturari eta etorkizuneko Lan Eskaintza Publikoen garapena erraztuko du. Halaber, aldaketak aldaketa, enplegu publikoa egonkortzeko bidean pauso nabarmena dela aldarrikatu du.
Oposizioa, bere aldetik, oso kritiko mintzatu da.
Pazis Garcia EH Bilduko legebiltzarkideak salatu duenez, "huts egindako legea" da eta ez du lagunduko behin-behinekotasun tasa altuarekin amaitzen.
Jon Hernandez Elkarrekin Podemos - IUko legebiltzarkideak deitoratu egin du bitartekotasunari aurre egiteko aurreikusitako neurriekin aurrera jarraitzeari uko egin izana, eta horrek legearen edukia eta asmoa "hutsaldu" dituela salatu du.
Luis Gordillo PP+Cs alderdiko legebiltzarkideak azaldu duenez, koalizioak ez du legea babestu uko egin zaiolako espetxeetako funtzionarioentzat eskala espezifiko bat sortzeko eskaerari.
Eusko Jaurlaritza sustengatzen duten alderdiek, ostera, legea defendatu dute. Horien esanetan, aldaketak egin arren legeak neurri garrantzitsuak aurreikusten ditu eta legea bultzatzerakoan ezarri zituen helburuak betetzen ditu.