Politika -
PP+Cs
Memoriaren Egunean EH Bildu Eusko Legebiltzarrean egotea "iruzurra" dela uste du Iturgaitzek
"Terrorismoaren biktimak gogoratzen ari gara, eta ez Bilduk egiten duen bezala umiliatzen", esan du Euskadiko PPko presidenteak. Halaber, "beste alderdi politiko batzuk biktimak umiliatzen dituztenekin batera egotea" deitoratu du.
Naiara Ballesteros | EITB MEDIA
Carlos Iturgaiz EAEko PPko presidenteak esan du "terrorismoaren biktimen duintasuna defendatzeko eguna" dela, eta azpimarratu du "iruzurra" dela Eusko Legebiltzarrean Memoriaren Eguna ospatzea EH Bildu bertan dela.
Alderdi Popularrak eta Ciudadanosek osatzen duten talde parlamentarioko buruak azaldu duenez, aurten ere koalizioak ez du parte hartu Eusko Legebiltzarrak antolatutako lore-eskaintzan. Bertan izan dira Legebiltzarreko talde guztiak, PP+Cs eta Vox izan ezik.
"Terrorismoaren biktimak gogoratzen ari gara, eta ez iraintzen, Bilduk egiten duen bezala", esan du, eta beste alderdi politiko batzuk "biktimak umiliatzen" dituztenekin batera egotea deitoratu du, Legebiltzarreko ekitaldiari erreferentzia eginez.
Euskadiko PPko presidentearen ustez, EH Bilduk "egunero erakusten du Eusko Legebiltzarrean ez duela kotoi demokratikoaren froga pasatzen, alderdi legala izango delako, baina ez da alderdi demokratikoa, demokraziaren froga jartzen zaionean ez baititu ETAren ankerkeriak gaitzesten".
Horregatik esan du "bizitzan batzuetan hobe dela bakarrik egotea, gaizki lagunduta baino", Memoriaren Eguna EH Bildurekin ospatzea "fartsa bat izango litzatekeelako".
Zentzu horretan, Iturgaizek defendatu du EH Bilduk "ETAren indarkeria gaitzesteko mozioak eta proposamenak bozkatzeari uko" egiten diola. "Ertzainei, belaunaldi berrietako gazteei, alderdi popularreko herritarrei eta beste sektore batzuetakoei egindako erasoak gaitzesteari ere uko egin dio", adierazi du.
Bestalde, Jose Manuel Gil PP+Cs alderdiko legebiltzarkideak ere parte hartu du ekitaldian, eta azpimarratu du "terrorismo guztien" biktimak babestea "betebehar demokratikoa" dela.