Politika -

MEMORIAREN EGUNA

Euskal erakundeek terrorismoaren biktimak gogoratuko dituzte gaur, Memoriaren Egunean

Eguneko ekitaldi nagusia Donostian egingo da, Iñigo Urkullu lehendakaria bertan dela. Eusko Legebiltzarrak, bere aldetik, urteroko lore-eskaintza egingo du 'Gauerdiko Iparrorratza' eskulturaren aurrean.

Memoria Eguneko lore eskaintza Eusko Legebiltzarrean. Artxiboko argazkia: Irekia
Memoria Eguneko lore eskaintza Eusko Legebiltzarrean (artxiboko irudia)
Memoria Eguneko lore eskaintza Eusko Legebiltzarrean. Artxiboko argazkia: Irekia

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak Donostian egingo du gaur Memoriaren Eguneko ekitaldi nagusia. "Bakearen alde egin zuten pertsona, elkarte eta mugimenduei eskerrak emateko" eta "terrorismoaren eta indarkeriaren amaieran" erabakigarriak izan zirenak aitortzeko baliatuko du.

Terrorismoaren eta indarkeriaren biktimak oroitzeko ekitaldi nagusia 11:30ean hasiko da Donostian, "Bakearen alde egin zenuten guztioi, eskerrik asko!" lelopean, Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak elkarlanean antolatuta. Iñigo Urkullu lehendakaria bertan izango da, baita PP+Cs eta Vox ez beste alderdi politiko guztietako ordezkariak ere.

Gogora Institutuak azaldu duenez, "egoera txarrenetan ere, bizikidetza demokratikoa eta giza eskubideen eta bakearen defentsan oinarritutako gizartea eraikitzen eta defendatzen ahalegindu diren pertsonen konpromiso zibikoa nabarmendu nahi da".

Era berean, Eusko Jaurlaritzak nabarmendu nahi du urteen poderioz gizarte-mobilizazioaren goranzko bilakaera eta terrorismoaren aurkako jarrera "erabakigarriak izan zirela terrorismoaren eta indarkeriaren amaieran".

Halaber, Eusko Legebiltzarrak lore-eskaintza egingo du Gauerdiko Iparrorratza eskulturaren aurrean, suontzia piztuta dagoen bitartean. Iñigo Urkullu lehendakariaz gain, bertan izango dira Eusko Jaurlaritzako sailburuak, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko bozeramailea, eta alderdi politikoetako ordezkariak. Talde politiko guztiek parte hartuko dute, PP+Cs koalizioak eta Voxek izan ezik.

Gainera, Bilboko Udalak eta Donostiakoak ekitaldi bana egingo dute biktimen oroimenerako monolitoen aurrean. Bilbokoa Casilda Iturrizar parkean egingo da, eta bertan izango dira, besteak beste, Juan Mari Aburto Bilboko alkatea eta Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusia. Donostian, Alderdi Ederren egin dute hitzordua, eta Eneko Goia alkateak parte hartuko du.

Atzo, berriz, Espainiako Gobernuak Euskadin duen Ordezkaritzak eta Terrorismoaren Biktimen Memoria Zentroak, Irunen egindako ekitaldi batean, gogora ekarri zuten ETAren mehatxatuek urteetan zehar jasandako "kalte etengabea", Denis Itxaso Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariaren esanetan, "estigma bat bakardadean pairatu zutelako, erabateko askatasunik gabe".

Irungo ekitaldian izan ziren, besteak beste, Juan Luis Ibarra magistratua, Carmen Adan EAEko fiskal nagusia, Gabriel Mugica Diario Vascoko zuzendari ohia, Eduardo Zubiaurre Confebaskeko presidentea eta enpresa batzuetako zuzendariak, Emiliano Lopez Achurra Petronorreko presidentea, Asun Guerra Andoaingo PPren zinegotzi ohia eta Poliziako buruzagi batzuk ere.

2010ean aurrenekoz egin zenetik, Memoriaren Eguna azaroaren 10ean antolatzen dute, eraso terroristek hildakorik utzi ez duten egutegiko egun bakarra baita.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Euzko Alderdi Jeltzalea Albisteak Urkullu Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak ETA gaur Alderdi politikoak EH Bildu Bizkaia PSE-EE Bizkaia Euskadiko PP Euskadiko Ciudadanosi buruzko albisteak Gaurko titularrak Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi Bakea eta adiskidetzea Euskadin Vox Terrorismoaren Biktimak GAL Polizia indarkeriari buruzko albisteak