Politika -

NAFARROAKO AURREKONTUAK

Nafarroako Gobernuak eta EH Bilduk 2022ko aurrekontuak onartzea adostu dute

Maria Chivite buru duen Gobernuak eta koalizio abertzaleak akordioa egin dute, hirugarren urtez jarraian, aurrekontuak izateko. UPNk eta Nafarroako PPk gogor kritikatu dute akordioa.

Ruiz, Araiz eta Alzorriz, EH Bildu eta PSNko bozeramaileak Nafarroari buruzko eztabaida saioan. EFE
Ruiz, Araiz eta Alzorriz, EH Bilduko eta PSNko bozeramaileak Nafarroari buruzko eztabaida saioan.
Ruiz, Araiz eta Alzorriz, EH Bildu eta PSNko bozeramaileak Nafarroari buruzko eztabaida saioan. EFE

EIDER JAUREGI OIARTZABAL | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Gobernuak aurrera aterako ditu 2022rako aurrekontuak EH Bildurekin egindako akordioari esker, hirugarren urtez jarraian. Hala iragarri du larunbat honetan, azaroak 6, Gobernuak berak, komunikabideetara igorritako ohar batean.

Akordio horren baitan, Gobernuak gastu publiko eta fiskalitatean aurrerapauso berriak ematen jarraitzeko konpromisoa hartu du eta, bere aldetik, EH Bilduk beste talde talde parlamentariek aurkez ditzaketen osoko emendakinen kontra bozkatzeko konpromisoa hartu du. Era berean, Nafarroako hurrengo aurrekontuak eta 2022rako Neurri Fiskalen legea ere aurrera ateratzea ahalbidetuko du koalizio abertzaleak.

Gobernuak ohar bidez azaldu duenez, hainbat bilera eta elkarrizketaren ondoren iritsi da akordioa. Bi aldeak ados daude "une honetan, aurrekontuek Nafarroako herritarren beharrei erantzun behar" dietela, "pertsonak jarriz politika publikoen eta gastuen erdian".

2020ko azaroaren 14an, bi aldeek aurrekontu-akordioa sinatu zuten, 2021eko aurrekontuetarako hainbat konpromiso jasoz. Akordio horiek betetzen zirela bermatzeko sortutako jarraipen-batzordeak "oro har, bi aldeak pozik daudela" ondorioztatu du, eta, horregatik, "konpromiso horiek betetzen amaitzeko borondatea adierazi dute".

Akordioaren gakoak

Datozen aurrekontuetan politika publikoek izango dituzten lehentasunak ezarri ditu dokumentuak, gastu proposamen berriak sartuz urriaren 27an onartu zen Nafarroako Aurrekontu Orokorren aurreproiektuan.

Bi aldeek desadostasunak dituztela fiskalitatearen inguruan onartzen du dokumentuak baina, hala ere, hainbat gaitan akordioak erdiesteko gai izan dira: onura fiskaletan, fiskalitate berdean eta pentsioetan, esate baterako.

Udalen finantziazioa bermatzea, eta Itoizko urtegiaren eraikuntzak kaltetutako udalei kalteordainak ematea ere adostu dute.

18.000 euro baino gutxiago irabazten duten familiek 0-3 zikloa doan izan dezaten aurrerapausoak ematea ere adostu dute akordioan eta Osasun arloan, Tuterako Ospitalean ZIU eta ebakuntza-gela berriak irekitzea, Lizarrako Garcia Orcoyen Ospitalean erreforma egitea eta Lehen Arretan psikologia profesional gehiago izatea ere bai.

Berdintasun arloan aurrekontua igotzea eta helduek euskaraz ikasteko dirulaguntza gehiago izatea ere sinatu dute akordioan, euskararen irakaskuntzaren doakotasunerako bidean.

Gainera, ETB3 Nafarroa osoan ikusi ahal izateko "Nafarroako Gobernuak, ahalik eta lasterren, ahalik eta irtenbide teknikorik egokiena aurkitzea" ere jaso dute.

Bestalde, Antsoainen, Sartagudan eta Tafallan Eguneko Zentroen proiektu bana egiteko diru partida berriak gehitu dira aurrekontuetan, baita Pirinioetan batxilergoa ikasi ahal izateko ere. Tafallako Recoletas eliza birgaitzeko, Irurtzunen edo Lizarran saihesbideak egiteko eta Gares Energia proiektuaren azken urrats gisa, Ermineta zentrala berreskuratzeko dirulaguntzak ere jaso dira. 

Administrazioa eta pertsonalari dagokion hainbat akordio ere egin dira. Tartean, medikuntzarako eta pediatriarako LEP prozesuak bizkortzea eta enplegu publikoaren behin-behinekotasuna murrizteko neurriak hartzea ere adostu dute bi aldeek.

EH Bildu eta PSNren balorazioak

Bakartxo Ruiz EH Bilduk Nafarroako Parlamentuan duen eledunak esan du 2022rako aurrekontuak adosteak agerian utzi duela "ezker abertzaleak akordioak erdiesteko duen gaitasuna".Bestalde, adostasunak nabarmendu dituen arren, hainbat alorretan "anbizio falta" egotzi dio Nafarroako Gobernuari.

Ruiz: ''Akordioaren balio politikoa azpimarratu nahi dugu''
Ruiz: ''Akordioaren balio politikoa azpimarratu nahi dugu''
Ruiz: ''Akordioaren balio politikoa azpimarratu nahi dugu''

PSNtik, Ramon Alzorriz Antolakuntza idazkaria ere pozik agertu da akordioarekin. Ituna "Nafarroaren aurrerabidearekin konpromiso irmoa dutenen" adierazpidea dela defendatu du. Izan ere, "eskuzabaltasunez eta desadostasunak alde batera utzita, nafarren ongizatea helburu duen adostasuna lortzeko negoziatu dute", gaineratu du.

Era berean, legegintzaldiko hirugarren aurrekontuak onartzea "Maria Chivite presidentearen lidergoa eta egonkortasuna erakusten duen lorpena" dela defendatu du.

Nafarroako eskuina akordioarekin haserre

Akordioa gogor kritikatu dute Nafarroako alderdi eskuindarrek. Javier Esparza UPNko presidente eta Navarra sumako bozeramaileak salatu duenez, "EH Bilduk gero eta gehiago agintzen du Nafarroan Maria Chiviteri esker". Esparzaren ustez, argi geratu da "PSNren eta EH Bilduren artean legealdi osorako ituna dagoela" eta, besteak beste, "euren kolektiboentzako diru banaketa" adostu dutela. "EH Bilduren normalizazioan beste urrats bat da, Cerdan jaunak legegintzaldi hasieran egin behar zela esan zuen bezala. Chivite andrea bere aginduak jarraitzen ari da", kritikatu du ohar batean.

Ildo berean, Ana Beltran Nafarroako PPko Antolakuntza idazkariorde eta presidenteak ohartarazi du gaurko akordioa "Bilduri eta ERCri egiten zaizkien zesioen artean" sartu behar dela. Nafarroako aurrekontuen akordioa Pedro Sanchezen "inposaketa" izan dela ere adierazi du Beltranek: "Itun honen asmoa ETAren oinordekoei Nafarroa merke-merke saltzea da, Estatuko Aurrekontu Orokorrak onartzearen truke".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Nafarroa Ekonomia EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua María Chivite Nafarroako Aurrekontuak