Politika -
13/13 auziko epaiketa
Enparantza: "ETA existitzen denik ezin da mantendu. Gezurra da"
Auzia epaiaren zain geratu da, prozesu judiziala hasi eta 10 urte geroago. Jon Enparantzak eta Arantza Zuluetak azken hitza hartzeko eskubidea erabili dute azken saioan.
Agentziak | EiTB Media
13/13 auziko epaiketa sententziaren zain geratu da, epaiketa hasi eta lau hilabete geroago, eta prozesu judiziala abiatu eta 10 urte beranduago. Auzia euskal presoen abokatuen atxiloketekin eta bulegoen miaketekin hasi zen. "Akusazio oso larriak entzuten lau hilabete eman ditut. Nire erara defendatzen naiz (…) ETA existitzen denik ezin da mantendu. Gezurra da", azpimarratu du Jon Enparantza akusatuak azken saioan.
Epaiketa amaitu baino lehen, bi akusatuk azken hitza hartzeko eskubidea erabili dute. "Guardia Zibilaren txostenaz, zantzuak oso eskasak direla esan nahi nuke", errepikatu du Arantza Zuluetak. Bere akusazioa oinarritzeko agiriak bera bizi ez zen etxebizitza batean topatu zituztela gogorarazi du Zuluetak.
Gainera, ETAko militantea izan ez dela nabarmendu du Zuluetak. Borroka armatuan parte hartu edo defendatu ez duela erantsi du. Ezker abertzalearen abokatu gisa ETAren amaiera lortzeko lan egin duela aldarrikatu du.
"Bizikidetzaren eta bakearen alde berriro pauso garrantzitsu bat eman dela iruditzen zait. Horrek epaiaren testuinguruan garrantzia izan dezake. Ezker abertzalearen eztabaida horietan bai parte hartu dut, horretan ardura badut, ETAn ez", ziurtatu du. Horrela, urriaren 18an biktimei "eragindako kaltea aitortzeko adierazpen" bat egin zela gogorarazi du.
Zuluetaren hitzetan, Aieteko Adierazpenaren eta indarkeriaren amaieraren hamargarren urteurrenean emandako aurrerapausoa kontuan hartu beharko litzatekeela uste du Zuluetak, "epaiari begira".
Hitza hartu duen azken akusatua Jon Enparantza izan da. Indarkeria behin betiko uzteko erabakiaren ostean, "hainbat urte pasa ondoren, deitoragarria da gatazkaren ondorioei ikuspuntu polizialetik edo judizialetik heltzea", adierazi du.
"Egokiagoa izango litzateke ikuspuntu konstruktiboago, positiboago batetik aurre egitea", esan du. Angela Murillo epaimahaiko presidenteak Enparantzari erantzun eta Fiskaltzari eraso egiteko hitzaldi politiko bat ematea aurpegiratu dio. "Hemen ez da politikarik egiten, Justizia egiten da. Hitzaldi hori beste toki batean eman, hemen ez. ETAren inguruko hitzaurrerik ez egin", esan dio magistratuak.
Zuluetak eta Enparantzak ez bezala, gainerako lau akusatuek --Naia Zuriarrain, Iker Sarriegi, Saioa Agirre eta Nerea Redondo—ez dute azken hitza hartzeko eskubidea erabili.
Akusatuek azken hitza hartu baino lehen, Nerea Redondoren abokatuak bere azken ondorioak azaldu ditu. Gainerako abokatuek egin bezala, absoluzioa eskatu du, "inongo deliturik egin ez duelako".
Saioa Agirreren abokatua hitza hartzen azkena izan da. Agirre aske uztea eskatu du.