Politika -
aurrekontu orokorrak
Ikus-entzunezko Legean hizkuntza koofizialak babesteko mekanismoak sartzea adostu dute PSOEk eta ERCk
Rufianek ekoizpen-kuota bat ezartzea proposatu du. Sozialistek, bestalde, oraindik formula aurkitu behar dutela diote.
agentziak | eitb media
PSOE eta Esquerra Republicana (ERC) akordio batera iritsi dira ostiral honetan, Ikus-entzunezko Lege berrian hizkuntza koofizialen babeserako mekanismoak sartzeko. Itun horren ondorioz, independentistek ez dute osoko zuzenketarik aurkeztu 2022ko Estatuko Aurrekontu Orokorretarako. Kongresuan datorren asterako aurreikusita dagoen lehen izapidea gainditzea erraztuko die horrek.
Edonola ere, ERCk iragarri du akordioa gauzatzeko "katalanezko ekoizpen-kuota ezarri" beharko dutela, eta eurek erabakiko dutela gutxieneko hori. Sozialistek, berriz, oraindik formula egokiena aurkitu behar dutela diote hizkuntza koofizialetan "ekoizpenen ehuneko bat" bermatzeko, eta kuotak alde batera utzi dituzte.
Hala jakinarazi dute Gabriel Rufian Kongresuko ERC taldeko bozeramaileak eta Felipe Sicilia PSOEko bozeramaileak, akordioa iragartzeko behe-ganberan eskainitako prentsaurrekoetan.
Etorkizuneko legearen aurreproiektua ezagutu zenetik, ERCk eta gainerako talde nazionalista eta independentistek sarritan azpimarratu dute legeak Netflixen gisako plataforma digitalei kuota hori betearaztearen beharra.
Legearen aplikazioan desadostasunak
ERCren bozeramaileak nabarmendu duenez, alderdiak "ez du sektore osoa suntsituko duen legerik babestuko". Halaber, defendatu du Katalunian 26.000 lanpostutik gorako industria bat kuota horren menpe dagoela.
Rufianek adierazi du "zaila" izan dela "gobernu aurrerakoi honek aniztasun linguistikoa aitortzea". Azpimarratu du Europako direktibak aniztasun linguistikoarekiko errespetua eta babesa eskatzen dituela, beste zenbait herrialdek jada egin duten bezala; Frantziak edo Belgikak, adibidez.
Bestalde, Siciliak azaldu duenez, "hizkuntza koofizialak bermatzeko helburua lortzeko mekanismorik onena zein izan daitekeen aztertuko dugu".
PSOEko bozeramaileak argi utzi du ikus-entzunezko plataforma handien interesek ez dutela zertan Gobernuak eta ERCk dituztenen "aurkakoak" izan. "Gure herrialdeko hizkuntza koofizialak babestu behar ditugu", errepikatu du. "Ez dut uste plataformek arazorik izango dutenik, hau guztiontzat da aberasgarria", hausnartu du.
Gainera, argudiatu du Gobernuak prestatuko duen eta ERCrekin adostuko duen Ikus-entzunezko Legeak ekoizpenean lan egiten duten baliabide urriko enpresa "txikiagoen" interesak ere aintzat hartzen dituela, Gobernuak lanpostu horiek ere zaindu behar baititu.
Aurrekontuak aurrera ateratzea ahalbidetuko duen akordioa dela defendatu du PSOEko bozeramaileak, eta, horregatik, "pozik" daudela.