Politika -
bge
Bizitzeko Gutxieneko Errenta Euskadin eta Nafarroan kudeatzeko akordioak itxi dituzte
EAJk eta Nafarroako Gobernuak BGEaren kudeaketaren inguruko akordio bana lortu dute Espainiako Gobernuarekin.
agentziak | eitb media
EAJk ez dio osoko zuzenketarik aurkeztuko 2022ko Estatuko aurrekontu orokorren lege-proiektuari, Espainiako Gobernuarekin Bizitzeko Gutxieneko Errenta (BGE) osorik transferitzea adostu baitu.
Aitor Esteban EAJk Kongresuan duen bozeramaileak iragarri duenez, bere alderdiak berretsi du Jose Luis Escriva ministroarekin aurretik hitzartutako konpromisoa.
Akordioan, itzultze-betoa "ezabatzea" adostu dute, baina diputatu jeltzaleak ohartarazi du aurrekontuen inguruko akordioa urrun dagoela oraindik. Edonola ere, beste pauso bat da kontu publikoak Diputatuen kongresuan izapidetzen jarrai dezaten.
Idoia Mendia lehendakariordearen hitzetan, "albiste ona" da akordioa. Haren hitzetan, "izapideak bizkortuko ditu" eta "gauzak erraztuko dizkio herritargoari".
Adierazi duenez, akordio horren ondorio izango dira "prestazioak eskatzera doazen pertsonak leihatila eta leihatila artean ez gogaitzea", eta "Lanbideko langileei kudeaketa erraztea".
Lehendakariordeak gogorarazi duenez, diru-sarreren bermerako euskal sisteman BGEa integratzea "laster Parlamentuari igorriko zaion Legean jasotzen da". Eredu hori, "hain zuzen, zaurgarrienei estaldura hobea emateko dago pentsatuta, eta sistemaren izapideak bizkortzeko. Integrazio honek hori baimenduko du".
Bestalde, Espainiar Gobernuak Euskadin duen Ordezkaritzak ziurtatu duenez, Estatu osoan "Gizarte Segurantzaren berdintasun- eta batasun- printzipioak bermatzeko mekanismoak" ezarriko dituzte. Horrela, BGEa "zerbitzu homogeneoa izango da espainiar guztientzat, haien bizilekua gorabehera".
Nafarroan ere, akordioa
Bestalde, Nafarroako Gobernuak eta Pedro Sanchezen Exekutiboak ere akordioa itxi dute, foru erkidegoak BGEaren funtzioak bere gain har ditzan.
Administrazio bien arteko negoziaketak urtebetez luzatu ostean, gaurko eguerdian iritsi dira akordiora, Maria Chivite Nafarroako presidentearen eta Jose Luis Escriva ministroaren arteko elkarrizketan.
Chivitek nabarmendu duenez, "albiste positiboa da, nafar herritarrentzat zein gure autogobernua indartzeko. Hilabeteak eman ditugu akordio honetara iristeko lanean; azken asteotan areagotu da lan hori, eta azkenean etekina izan du".
"Espainiako Gobernuarekin abiatutako elkarrizketaren bidearen beste adibide bat da. Bide horretan, aurten espetxe-osasuna eta Bizitzeko Gutxieneko Errentaren kudeaketa gure gain hartzea lortu dugu eta, laster, baita trafikoarena eta bide-segurtasunarena ere", azaldu du.