Politika -
#UrkulluTopaketa
Lehendakariak berretsi du urte amaierarako itzuliko dela normaltasuna Lehen Arretan
Agintariak hainbat herritarrek sare sozialetan egindako galderei erantzun die astelehen arratsaldean, #UrkulluTopaketa ekimenean.
AGENTZIAK | EITB Media
Iñigo Urkullu lehendakariak ukatu egin du Eusko Jaurlaritzak kudeaketa "kaotikoa eta iluna" egin izana koronabirus pandemian, eta zailtazunak ez dituela "inoiz" ezkutatu erantsi du.
Era berean, osasun sistemako Lehen Arretan urte amaierarako itzuliko dela normaltasuna nabarmendu du, "betiere joera positiboa mantentzen bada".
Lehendakariak hainbat herritarrek sare sozialetan egindako galderei erantzun die astelehen arratsaldean, #UrkulluTopaketa ekimenean.
Galdera batean, herritar batek pandemia garaian kudeaketa "kaotikoa eta iluna" egin izana egotzi dio agintariari, eta horrek ukatu egin du. Horren hitzetan, Jaurlaritzak aitortu egin zituen egoeraren "zailtasunak", batez ere "pandemiaren lehen hilabeteetan". "Ziurgabetasun handia zegoen Euskadin eta mundu osoan", gogorarazi du, eta adierazi du Jaurlaritzak "aparteko esfortzua" egin duela "baliabide materialei, ekonomikoei eta humanoei dagokienez".
Gainera, Urkulluk esan du emaitzek "babestu" egiten dutela kudeaketa: "Gure inguruan baino gaixo, ospitaleratze eta hildako gutxiago izan ditugu; egindako testak eta jarritako txertoak gehiago izan dira; hezkuntza, kultura eta jarduera komertziala eta industriala batezbestekotik gorago egon da; eta sendiei eta kaltedunei emandako dirulaguntzak handiagoak izan dira".