Politika -

10 urte ETA gabe

Presoen auzia konpontzeko eta gatazka politikoari irtenbide demokratikoa emateko eskatu du Sortuk

Ezker abertzaleko ehun bat militantek agerraldia egin dute Donostian, ETAk jarduera armatua amaitutzat eman zuenetik 10 urte bete direnean.

Sortuk Donostian egin duen agerraldia. Argazkia: EFE
Sortuk Donostian egin duen agerraldia. Argazkia: EFE
Sortuk Donostian egin duen agerraldia. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ETAk jarduera armatua bukatutzat eman zuenetik 10 urte bete direnean, Sortuk agerraldia egin du Donostian. Ehun bat militante batu dira eta tartean izan dira ezker abertzaleko buruzagi historiko ohiak, hala nola Rufi Etxeberria, Joseba Permach, Jone Gorizelaia, Tasio Erkizia, Joseba Alvarez, Rafa Diez Usabiaga, David Pla eta Antton Lopez Ruiz.

Arkaitz Rodriguezek hiru aldarrikapen azpimarratu ditu: euskal presoen auzia konpontzea, indarkeria guztietako biktima guztiak aitortzea eta Euskal Herriko gatazka politikoari irtenbide demokratikoa ematea.

Sortuko idazkari nagusiak adierazi du bakea eta bizikidetza eraikitzeko "une erabakigarria" dela eta ezker independentistak "oraindik itxita dauden ateak irekitzeko lanean" segituko duela agindu du.

"Inolako zalantzarik gabe, Euskal Herrian bizi dugun egoera duela 10 urte baino hobea da orain. Hamar urte geroago esan dezakegu biolentzietako bat betirako desagerrarazten lagundu dugula", erantsi du.

Aieteko Adierazpenean jasotako konpromiso guztiak berretsita, presoen auzia konpontzea, indarkeria mota guztietako biktima guztiak aitortzea eta gatazka politikoari aterabide demokratikoa ematea ezinbestekoa dela nabarmendu du.

"Aukera hau zintzotasunez eta ausardiaz elikatzen jarraituko du, eta horren erakusgarri da Urriaren 18ko Adierazpena". ETAren biktimek jasandako mina aitortu zuten EH Bilduk eta Sortuk, "inoiz gertatu behar ez" zela esanez.  

Hala, urratsak ematen segituko dutela nabarmendu du, "batzuentzat beti eznahikoak izango diren arren". "Ondo eta gaizki egindakoa gure gain hartzen dugu. Guztiok arduraz jokatzeko unea da", adierazi du Rodriguezek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Sortu Nafarroa Iparraldea Euskal Autonomia Erkidegoa Presoak ETA Alderdi politikoak Eguneko albisteak Albisteak Bakea Euskadin