Politika -

10 urte ETA gabe

Eragindako mina "bidegabea" izan zela aitortzeko eskatu du lehendakariak, "etorkizun justua eraikitzeko"

Bestalde, Maria Jauregik ezberdin pentsatzen dutenen arteko zubiak eraikitzearen alde egin du eta indarkeria mota guztietako biktimak aintzat hartzeko eskatu du. ETAren amaieraren 10. urteurrena dela eta, Gogora Institutuak egindako ekitaldian izan dira lehendakaria eta Maria Jauregi.

ETAren amaieratik 10 urte igaro direla eta, Gogora Institutuak egindako ekitaldia.
ETAren amaieratik 10 urte igaro direla eta, Gogora Institutuak egindako ekitaldia.
ETAren biktimen omenezko ekitaldia Bilboko Gogora Institutuaren egoitzan

2:18

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ETAk bere jardun armatua amaitu zuenetik 10 urte bete direnean, Iñigo Urkullu lehendakariak adierazi du "etorkizun zintzoa eta justua eraikitzeko" ezinbestekoa dela biktimei eragindako mina "injustua" izan zela aitortzea eta helburu politikoak lortzeko indarkeria erabiltzeari uko egitea.

Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Gogora Institutuak antolatuta, 'Biktimak gogoan. Elkarbizitza eraikiz' ekitaldia egin dute gaur arratsaldean Bilbon. Lehendakariarekin batera, Eusko Jaurlaritzako ordezkariak eta Aintzane Ezenarro Gogora Institutuko zuzendaria izan dira. Erakundeetako ordezkariez gain, ETAren 20 bat biktimak ere parte hartu dute ekitaldian.  

Lehendakariak azken hamar urte hauen balorazio positiboa egin du, euskal gizartea "hobeto" eta "elkarrekin" bizi dela eta "aurrera" doala esanez. Aurrerapen hori bultzatzeko euskal gizarteak gaur egun dituen "baliabideak eta tresnak" aipatu ditu, hala nola "Gogora Memoriaren Institutua; terrorismoaren biktimak eta botere-abusuaren biktimak aitortzeko legeak; espetxe-politikaren aldaketa; eta iragana argitzeko azterlanak".

"Giza eskubideen, bizikidetzaren eta memoriaren aldeko hezkuntza-ekimenetan aurrera egingo dugu; eta justizia leheneratzailean sakonduko dugu", iragarri du.

Ildo horretan, eta etorkizunari begira, nabarmendu du gizarteak aurrera egingo duela "biktimak gogoratzeko eta haiei laguntzeko erabakia dugulako; aurrera egingo dugu biktimek bizikidetzaren eta etorkizunaren eraikuntzaren parte aktibo izaten jarrai dezaten nahi dugulako".

Urkulluren ustez, horixe da, hain zuzen ere, etorkizunari begira dagoen "memoria zintzoaren" esanahia: "guztion artean eraiki beharreko etorkizuna gara, printzipio eta balio etiko eta demokratikoetan oinarrituta".

ETAk indarkeria utzi zuenetik hamar urte bete direnean eta desagertzea iragarri zuenetik hiru urte eta erdi igaro direnean, lehendakariak ondokoa azpimarratu du: "ETA desagertu da, desagerpena alde bakarrekoa, osoa, behin betikoa eta baldintzarik gabea izan da".

Horren aurrean, "memoria zintzo bat" eraikitzeko beharrarekin lotu da, "non gizakia ez den den inork ezein kausatarako erabil dezakeen objektua; gizakiak ez dira objektuak, ezta bitartekoak ere, pertsona bakarrak eta errepikaezinak dira, kontzientzia, duintasuna eta bizitzeko eskubidea dutenak", erantsi du.

Hala ere, Urukulluk deitoratu egin du "begi bistako ideia horren aurrean" oraindik argi eta garbi onartu ez duenik egotea "terrorismora jotzea, ETAk egin zuen bezala, beste pertsona batzuen bizitzaz eta heriotzaz erabakitzeko gaitasuna harrotzea da. Errore erradikala da, akats etiko, politiko eta demokratikoa".

Ildo horretan, zera gaineratu du: "Etorkizuna zintzoki eraikitzeko, bidezko etorkizuna eraikitzeko, biktimei eragindako bidegabeko kaltea aitortu behar da. Beharrezkoa da biktimei eta gizarteari mina eragin zien indarkeria gaitzestea. Indarkeriaren erabilera ukatu behar da helburu politikoak lortzeko. Hori da hurrengo belaunaldientzako oinarrizko ondarea".

Maria Jauregiren testigantza

ETAk hildako Juan Maria Jauregiren alaba Maria Jauregik ere hitz egin du ekitaldi horretan, euskal gizartearen aniztasuna gogoraraziz, "zubiak inor atzean utzi gabe eraikitzeko beharra" aldarrikatu du. "Gaur gure artean ez dauden pertsona guztiei zor diegu", adierazi du.

Bere hitzartzean, Maria Jauregik esan du gazteriak "herri honetan jasan dugun sufrimendu guztia ezagutu behar du, berriro gertatu ez dadin".

"Bakoitza ahal duen moduan kontatzen saiatuko da, baina naturaltasun osoz kontatu beharko genuke, eta batez ere, inongo gorrotorik transmititu gabe; gorrotoarekin sufrimendu gehiago eragiten baita", nabarmendu du.

Bizikidetzari dagokionez, "ETAk eragindako biktimez gain, biolentzia ezberdinek eragindako biktima guztiak" gogoan izatea ezinbestekoa dela iritzi dio.

"Biktima guztiek egia jakiteko eskubidea dute, baita justizia eta aitortzarako ere", azpimarratu du.

Bizikidetzari buruzko topaketa 40 gazterekin

Bestalde, goizean Gogora Institutuak topaketa bat antolatu du "Gazteak, Bizikidetza eta Etorkizuna" goiburupean, Bilboko Azkuna Zentroan, eta ekimen horretan ere izan da lehendakaria. Urkulluk "memoria inklusiboa" izango duen etorkizuna aldarrikatu du. "Memoria inklusiboa egitea dagokigu; giza eskubideen urraketa guztiak eta biktima guztien testigantzak bilduko dituen memoria", nabarmendu du.

ETAk bere amaiera iragarri zuen egunean "lasaitasuna, poza eta itxaropena" sentitu zituela aitortu du Urkulluk. Lehen sentimenduari dagokionez, eta "hainbat eta hainbat pertsona eta familiaren sufrimendua hurbiletik" ezagutu ostean, "hura guztia amaitzen ari zela pentsatzeak lasaitasuna eman zidan, jada ez zelako sufrimendu erantsirik izango".

"Sekulako poza hartu nuen", gaineratu du, eta baita itxaropena ere: "Euskal Herria indarkeriarekin lotzeari uzteko itxaropena sentitu nuen, gure benetako nazioarteko izaera nabarmentzeko (...) Bizikidetza berri baten garaia hasiko zelako itxaropena sentitu nuen".

10 urte hauen ostean, Urkulluk azpimarratu Jaurlaritzak ez duela "hutsetik hasi nahi", eta etorkizunak "oroimena" behar duela.

Era berean, etorkizun berri hori eraikitzeko gazteriak duen lidergo-funtzioa nabarmendu du lehendakariak. Hain justu, gogorarazi duenez, hori da Udaberri 2024 Planaren ardatzetako bat.

Bilboko Azkuna Zentroan egindako topaketan, lehendakaria buru, Eusko Jaurlaritzako ordezkariak unibertsitateko 40 gazterekin elkartu dira, eta haiekin gogoeta egin nahi izan dute ETAren terrorismoarekin duten ezagutzari eta esperientziei buruz.

Euskal Herriko hiru unibertsitateetako (UPV/EHU, Deustu eta Mondragon Unibertsitatea) ikasleek eta irakasleek parte hartu dute jardunaldian; Euskadiko Gazteriaren Kontseilutik, berriz, bost parte-hartzaile izan dira.

Sei taldetan banatu dira (bakoitzean sei ikasle, Jaurlaritzako pertsona bat eta dinamizatzaile bat). Gazteek lau gairen inguruan eztabaidatu dute: ETAri buruzko ezagutza; biktimaren batekin elkarreragina izatea; etorkizunak oroimena izan behar ote duen eta Euskadiko bizikidetza hobetzeko zer neurri hartuko lituzketen.

Urkullu lehendakariak duela hamar urte ''lasaitasuna, poza eta itxaropena'' sentitu zituela onartu du
Urkullu lehendakariak duela hamar urte ''lasaitasuna, poza eta itxaropena'' sentitu zituela onartu du
Urkullu lehendakariak duela hamar urte ''lasaitasuna, poza eta itxaropena'' sentitu zituela onartu du

5:52
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Bilbo Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa ETA Eguneko albisteak Albisteak Bakea Euskadin Terrorismoaren Biktimak Giza eskubideak Gogora albisteak