Politika -
Presoak
Sarek "bidezko irtenbideak" eskatu ditu eta Etxeratek politikoki asmatzea espero du
EH Bilduren eta Sorturen azken adierazpena "pauso positiboa" izan dela uste du Sarek. Euskal ezker independentistak urriaren 18an egindako adierazpenaren "balioa" ere azpimarratu du Etxeratek.
EITB MEDIA
Sare herritarrak "bidezko irtenbideak" eskatu ditu ETAko presoen "eskubide urraketen" aurrean. Gainera, "espetxe politika aldaketa sendotzearen" aldeko apustua egin du, "igarotzen den egun bakoitzeko, eskubide urraketen 24 ordu gehiago direlako". Bestalde, Etxerat elkarteak "itxaropenez" ikusten du "sintonia politiko eta sozial nagusiak asmatuko duela konponbidean, bizikidetzan eta bakean aurrera egiteko behar diren urratsak ematen".
Joseba Azkarraga eta Bego Atxa Sareko bozeramaileek prentsaurrekoa eman dute Donostian. Azken hamarkadaren eta ezker abertzalearen adierazpenaren balorazio positiboa egin dute. EH Bilduren eta Sorturen azken adierazpena "pauso positiboa" izan dela uste dute. Azkarragaren hitzetan, "herri honen errealitatean aldaketa bat eman da, aurrera egiteko aukera aparta zabaldu duena; bizikidetzan eta bakean zein hamarkadetan pilatutako sufrimenduan eta pertsona guztien giza eskubideetan".
"Aukera aparta, esan beharra dago, hein batean aprobetxatu dugu; izan ere, oraindik eskubide urraketak ematen dira, espetxe politikan zein biktima guztien aitortzan", erantsi du.
"Espetxe politika aldatzen hasi dela esan genezake, benetako aldaketa baten bidea zabalduz, baina guztiek batera bidea egiten jarraitzen baldin badugu, soilik egingo du aurrera", adierazi du.
Zentzu horretan, "ETAren jardueraren amaierak salbuespeneko espetxe politikaren amaiera ere suposatu behar zuen", gogorarazi du. "Duela 10 urte esan baligute, presoen (104) % 56 gaur Euskal Herritik kanpo egongo liratekeela eta etxetik batez beste 250-600 kilometrora, ez genuke sinetsiko", onartu duenez.
Hala ere, "10 preso bakarrik daude hirugarren graduan, heren bat baino gehiago, 70 preso inguru, egoera horretan egon beharko liratekeenean, eta horietatik 52 baldintzapeko askatasunean", salatu du.
"Honek esan nahi du, Estatuko kartzeletan presoen % 93k lehen gradutik hirugarrenerako bidea normaltasunez egiten duten bitartean, euskal presoek salbuespena izaten jarraitzen dute, eta % 6k soilik amaitu dute bidea", jakitera eman du.
"Auzitegi Nazionalaren blokeoa" hizpide izan du Azkarragak, "kartzelako zigor batzordeen erabakiak zuzentzen dituelako eta edozein aurrerapauso oztopatzen duelako". Horren aurrean, "justizia eta gizatasuna", eskatu ditu bozeramaileak.
Larunbat honetarako, Donostian, deitutako manifestazioan (17:00etan, Antiguoko tuneletik) parte hartzeko deia egin die Sarek herritarrei, sindikatuei, alderdiei eta gizarte eragileei.
Zentzu horretan, "Kataluniako preso ohien ordezkaritza zabal batek" mobilizazioan parte hartuko duela baieztatu du, baita Gatibu musika taldeko kideek martxaren amaiera ekitaldian ere.
Bestalde, Etxeratek "gogoeta labur" bat egin nahi izan du Aieteko Adierazpenaren 10. urtemugaren testuinguruan suertatu diren eginkizunen harira. Egun hauetan entzundako "tonu orokorra eta ekarpen garrantzitsuak" azpimarratu nahi izan ditu Etxeratek, "aurrera egiten lagunduko duen kontakizun poliedriko horretarako egokia eta garai berriarekin bat datorren eztabaida-testuinguru lasaia proposatzeko".
Euskal ezker independentistak urriaren 18an egindako adierazpenaren "balioa" ere azpimarratu du Etxeratek. "Gatazkaren biktima guztien sufrimenduaren aitorpena, denena, aspalditik", proposatu du Etxeratek, eta hala planteatu zuen 2019ko martxoko adierazpen publikoan ere, hain zuzen ere, "hiru hamarkada baino gehiagoan sakabanaketak errepidetan eragin dituen 16 hildakoen eta mila zaurituen familia eta pertsonen mina ere ezagutzen dugulako".