Politika -

Hamar urte ETA gabe

Eusko Jaurlaritzak esan du Euskadi norabide onean doala, ETAren indarkeriaren trabak gainetik kendu ondoren

"Bizikidetza gehiago eta hobea. Hori da bidea ", ziurtatu du Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak prentsaurrekoan irakurritako adierazpen instituzionalean.

Bingen Zupiriak adierazpen instituzionala irakurri du prentsaurrekoan. Argazkia: EITB.
Bingen Zupiriak adierazpen instituzionala irakurri du prentsaurrekoan
Jaurlaritza: ''Bizikidetza da bidea, denon arteko bizikidetza''

3:02

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ETAk bere jardueraren behin betiko amaiera iragarri zuenetik hamar urte beteko dira bihar, asteazkena, eta horren harira Eusko Jaurlaritzak adierazpen instituzional bat egin du "indarkeriaren trabak gainetik kendu ondoren, pausu sendo eta erabakigarriak eman ditugula" esateko, eta "gizarte bezala norabide onean goazela" adierazteko. 

Halaber, biktima guztien aitortza, bai ETAren biktimena eta bai eskubideen urraketa guztien biktima izan diren guztiena, lehen pausua dela onartu du. "Biktimek aitorpena behar dute: Legezkoa, erakundeena, gizartearena eta morala", azpimarratu du. 

Bingen Zupiria Jaurlaritzako bozeramaileak Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan irakurritako testuan, Eusko Jaurlaritzak "begirada itxaropentsua eta konprometitua" eskaini du, "gizarte bezala konfiantza berreskuratu dugu geure gaitasunetan eta hori ere aurrerapen esanguratsua da". 

bestalde, etorkizunak memoria izan behar duela eta etorkizuna guztion artean eraiki beharko dugula esan du, eta horretarako "zutabe sendoak beharko ditu, printzipio eta balio etiko eta demokratikoetan oinarriturik". 

Printzipio horiek pertsonaren duintasuna, giza eskubideen babesa eta berme eraginkorra, indarkeriarik eza, errespetua, elkarrizketa eta aniztasuna dira, adierazpenaren arabera.

"Bat gatoz denok bizikidetza indartzeko eta hobetzeko printzipioak direla, eta bizikidetza da bidea", esan du.

"Denon arteko bizikidetza, guztiontzakoa. Inor atzean utzi gabe", azpimarratu du.

Horrez gain, Eusko Jaurlaritzak gaitzetsi egin du ETAren jarduera terroristak ekarri zuen "zentzugabekeria", eskubideen eta askatasunen urraketa larriena ekarri baitzuen.

"Zentzugabekeria horren emaitza dira ETAk utzi zituen 854 hildakoak eta zauritutako, bahitutako, mehatxatutako, eta estortsionatutako milaka pertsonak", azpimarratu du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Sortu Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa ETA EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak Terrorismoaren Biktimak