Politika -
URRIAREN 18KO ADIERAZPENA
EH Bilduk eta Sortuk "bere" egin dute ETAren biktimen mina: "Ez zen inoiz gertatu behar"
Arnaldo Otegi eta Arkaitz Rodriguez elkarrekin agertu dira adierazpen "solemne" bat irakurtzeko Aieteko Konferentziaren hamargarren urteurrena eta ETAren indarkeriaren amaiera dela eta.
N. B. | EITB MEDIA
EH Bilduk eta Sortuk "bere" egin dute astelehen honetan ETAren biktimen mina, eta "ez zela inoiz gertatu behar" esan dute. "Bake justu eta iraunkorrerako bidea egiteak biktima guztien aitortza eta erreparazioa eskatzen du, guzti-guztiena. Ez dugu haietako bat bera ere ahazten", esan dute.
Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak eta Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiak adierazpen "solemnea" plazaratu dute Aieteko Konferentziaren hamargarren urteurrenaren eta ETAren indarkeriaren amaieraren harira. Horretan, ETAren indarkeriak eragindako biktimen aipamen berezia egin dute.
"Gure egiten dugu haien mina, eta sentimendu zintzo horretatik baieztatzen dugu hura ez zela inoiz gertatu behar, inork ezin du gogoko ukan hura guztia gertatu izana, ezta denboran hainbeste luzatu izana ere. Aietera lehenago iristea lortu behar genuen", dio adierazpenak.
"Zoritxarrez, iraganak ez dauka atzera bueltarik, esan dezakegun ezerk ez du eragindako mina ezabatuko", adierazi dute, baina "konbentzituta gaude arintzea behintzat posible dela, errespetuan, adeitasunean eta memorian oinarrituta". Ildo horretan, jasan duten sufrimendua ahal duten neurrian arintzeko konpromisoa hartu dute.
Bestalde, ETAk indarkeriaren amaiera iragarri zuenetik hamar urte igarota, konpromiso hura osorik bete dela esan dute. "Haren jardueraren amaiera osoa eta erabatekoa izan da". Gainera, armagabetze eta desegite prozesua modu egokian egin dutela esan dute, "nazioarteko estandarrek zehazten duten bezala".
"Halako prozesuak zailak izaten direla aintzat hartuta, balioa aitortu behar zaio ETAk bere erabakiak batasunez hartu izanari. Antzeko ezaugarriak dituzten beste prozesu batzuetan gerora sortu izan diren arazo larriak agertzea saihestu baitu horrek", adierazi dute.
Edonola ere, "zalantzarik gabe, euskal gizarte osoarena da arrakasta", azpimarratu dute.
Horren harira, iruzurrik ez zela egon, eta ez zela kalkulu taktiko bat izan aitortu dute. "Euskal ezker independentistak bide soilik baketsu eta demokratikoekiko hartutako konpromisoak konbentzimendu etiko eta politikoei erantzuten zien eta erantzuten die", azaldu dute. "Aldatu ezineko eta betirako erabakia da. Ezker independentistak egiaztatu du egindako apustuaren zintzotasuna eta emandako hitzaren betetzea", gaineratu dute.
Halaber, preso politikoen auziari irtenbidea ematea erronka saihetsezina dela azpimarratu dute, eta horretarako salbuespenezko espetxe politika amaitzea eta konponbide integrala ematea beharrezkoa dela uste dute.
"Aldarrikatu nahi dugu presoek estrategia armatua gainditzeko izandako parte hartze aktibo, irmo eta erabakigarria, baita bide baketsu eta demokratikoekiko haien konpromisoa ere. Haiek gabe, ez zen posible izango", esan dute.
Amaitzeko, elkarrizketaren, negoziazioaren eta adostasunaren aldeko konpromisoa berresten dutela adierazi dute, "hori baita ezberdintasun politikoak ebatzi eta konpontzeko metodo eraginkor eta demokratikoena".
Gainera, "gatazkaren jatorrian dagoen arazo politikoari irtenbidea emateke dugu oraindik", horien hitzetan. "Herri bat gara, nazio bat, eta neurri horretako aitortza eta errespetua dagokigu. Gure nazio nortasunarekiko errespetua beharrezko eta lehen pausoa da bestelako etorkizuna eraikitzeko, zeinetan erabakia gure herriko gizartearen esku egongo den", azaldu dute.