Politika -

Barne-gatazka

"Ahotsak ixilarazteko" saiakera salatu dute EAko kritikoek Bilbon

Alderdiaren 100 bat afiliatu Bilbon batu dira, eta Eusko Alkartasunak zigor-espedientea ireki zien kideei babesa erakustsi diete.

EAko kritikoak Bilbon bildu dira larunbat honetan. Argazkia: EFE
EAko kritikoak Bilbon bildu dira larunbat honetan. Argazkia: EFE
EAko kritikoak Bilbon bildu dira larunbat honetan. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eba Blanco Eusko Alkartasuneko egungo Zuzendaritzaren buruarekin kritiko diren EAko afiliatuen iritziz, alderdiaren barne-egoera "jasanezina" da, eta Maiorga Ramirez bezalako ahotsak "ixilarazteko" saiakera salatu dute.  

Ehun bat afiliatu bildu dira larunbat honetan Bilbon, EAk zigor-espedientea ireki zien Maiorga Ramirez Idazkari Nagusirako hautagaiari eta Iratxe Lopez de Aberasturi, Miren Aranoa, Mikel Goenaga eta Esther Korres koordinatzaileei babesa erakusteko helburuz.

Ekitaldian EAko beste hainbat kide izan dira, hala nola, Carlos Garaikoetxea lehendakaria eta EAko sortzailea, Esther Larrañaga Eusko Jaurlaritzako sailburu ohia eta Bruno Zubizarreta EAko Bilboko koordinatzailea. Zubizarretaren hitzetan, EAk pairatzen duen egoera "demokraziaren aurkakoa da".

Bestalde, Larrañagak agiria irakurri du, eta EAn izaten ari diren "demokraziaren kontrako zentzugabekeriak" deitoratu ditu. Alderdiaren erronka da, haren iritzian, "etorkizunean alor estrategikoetan eragina izango duen alderdia izaten jarraitzea". "Barne-egoera sostengaezina da, eta gehiegi luzatu da", gaineratu du.  

"Eusko Alkartasuna ez da gai izan sakoneko eztabaida politikoa bide demokratikoetatik eramateko eta, eztabaida hori saihesteko, gure arauak urratu dituzte, auzitegiek ebatzi duten bezala", azpimarratu du.

Primarioak berriro egiteko eskatu du, eta salatu du egungo Zuzendaritzak uko egin diola ezohiko Batzar Orokor bat egiteari, erantzun bakarra izanda alderditik kanporatzeko abiatutako zigor-espedienteak.

Amaitzeko, ohartarazi du militantziaren babesak lortuko duenak "berehala" ireki beharko duela eztabaidarako prozesua, eta "berme guztiekin Batzar Orokor garden" baterako oinarriak ezarri. "Eztabaida politikoa da gure erronkarik handiena. Indar politiko aktiboa izan ala EH Bildun desagertu; horra hor eztabaidaren benetako gakoa", ondorioztatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Bilbo Bizkaia Alderdi politikoak EA Eguneko albisteak Albisteak