Politika -

EPAIKETA

Villarejok ehun urteko espetxe-zigor eskaerari egingo dio aurre Tandem auziaren lehen epaiketan

Komisario ohia inputatu nagusi gisa agertuko da urriaren 13an hasiko den bere negozio pribatuen inguruko epaiketan.

Villarejo komisario ohiaren artxiboko argazkia. EFE.
Villarejo komisario ohiaren artxiboko argazkia
Villarejo komisario ohiaren artxiboko argazkia. EFE.

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Manuel Villarejo komisario ohia datorren asteazkenean eseriko da berriro akusatuen aulkian, bere negozio pribatuen inguruko Tandem auziaren lehen epaiketan. Auzitegi Nazionalak aldi berean epaituko ditu Pintor, Iron eta Land izenez ezagutzen diren pieza bereiziak. Fiskaltzak ehun urtetik gorako kartzela-zigorra eskatu du.

Epaiketa urriaren 13an hasiko da, eta 2022ko hasierara arte iraungo du gutxi gorabehera, hogei saio baino gehiago egin behar baitituzte.

Villarejo inputatu nagusi gisa agertuko da, baina epaiketa honetan 30 akusatu baino gehiago bilduko dituzte; besteak beste, Rafael Redondo bazkidea eta Gema Alcala emaztea eta Enrique García Castaño komisarioa. 115, 86 eta 81 urteko kartzela-zigorrak eskatuko ditu fiskalak horientzat, hurrenez hurren. Hala ere, akusatu batzuek akordioak lortu dituzte Fiskaltzarekin.

Europa Pressek kontsultatutako iturri juridikoen arabera, Villarejo ez da akusatuaren rola hartzera mugatuko; aitzitik, defentsa-kidetzako abokatuaren estatusa baliatzen saiatuko da, instrukzio-fasean onartua. Horri esker, beste inputatu batzuk eta lekukoak galdekatu ahal izango ditu bere defentsako beste abokatu Antonio Jose Garcia Cabrerarekin batera.

Tandem auziaren lehen epaiketa hau Villarejo komisarioa atxilotu eta ia lau urtera iritsi da, CENYT bere enpresa-taldearen bidez jaso zituen enkargu ugariei buruzko 30 pieza bereizi baino gehiagoko puzzle bat eratu arte gizentzen joan den auzi batengatik.

Instrukzioko 6 zenbakiko Epaitegi Zentralak zuzendutako ikerketen arabera, pieza bereiziek komunean dute Villarejok jarduneko komisario gisa egin omen zituela lan horiek, eta eskura zituen polizia-baliabideak baliatu zituela bezeroei erantzuteko.

Ustelkeriaren aurkako Fiskaltzak 109 urteko espetxe-zigorra eskatu du Villarejorentzat, 950.000 eurotik gorako isunak (horiei erantzukizun solidarioa izango luketen kalte-ordainak gehitu beharko litzaizkieke, kondenatu guztiek elkarrekin ordaindu beharrekoak), eta kargu eta enplegu publikoa betetzeko eta sufragio pasiborako gaitasungabetzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Espainia Epaiketak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak