Politika -
Mobilizazioa Bilbon
EH Bilduk manifestazioa deitu du A20rako, "herria beste era batera eraiki nahi dutenak berriz elkartzeko"
Otegik aurkeztu du azaroaren 20rako deitutako mobilizazioa. Franco diktadorearen heriotzaren zein Santi Brouard eta Josu Muguruza HBko diputatuen hilketaren urteurrenean izango da.
Agentziak | EITB Media
EH Bilduk manifestazioa deitu du azaroaren 20rako Bilbon, "gauzak modu ezberdinean eraiki nahi dituen jendeak, independentzia eta aberastasuna banatzea nahi dugunak berriro elkartzeko".
"Manifestazio nazional bat baino gehiago" den deialdiaren arrazoiak azaldu ditu Arnaldo Otegi koalizioko koordinatzaile nagusiak. "EH Bilduk herriari eskaintzen dion esparru bat da, herria beste era batera eraiki nahi dutenak berriz elkartzeko", azpimarratu du.
Azaroaren 20rako deitutako mobilizazioa aurkeztu du Otegik. Honenbestez, Franco diktadorearen heriotzaren zein Santi Brouard eta Josu Muguruza HBko diputatuen hilketaren urteurrenean izango da.
"Guztia lotuta eta ongi lotuta utzi zuen trantsizioa"
Otegik gogorarazi duenez, azaroaren 20an "Franco hil zen, baina ez frankismoa. Erorien Haranetik gorpu bat ateratzea erraza da, frankistak aparatu ekonomiko, judizialetik… ateratzea da zaila".
"Guztia lotuta eta ongi lotuta utzi zuen trantsizio baten emaitza dira Estatuak orain dituen arazo larriak. Hemen lan demokratizatzaile handia dago egiteko", nabarmendu du.
Gainera, pandemiatik ateratzeko testuinguruan, "berriro elkartzeko esparru bat eskaini nahi diogu jendeari, EH Bilduk jendearen arnasa behar duelako".