Politika -

Espetxeak

Espetxeen transferentzia autogobernua "indartzeko urrats berria" dela azpimarratu du Urkulluk

Lehendakariak azpimarratu duenez, 2022ko aurrekontuek gastu-konpromisoa “zehatza” izango dute bere gobernuaren espetxe-arloko ibilbide-orria ezartzeko.

Espetxeen transferentzia ospatzeko ekimen sinbolikoa, Basaurin. Argazkia: EFE.
Espetxeen transferentzia ospatzeko ekimen sinbolikoa, Basaurin. Argazkia: EFE.
Espetxeen transferentzia ospatzeko ekimen sinbolikoa, Basaurin. Argazkia: EFE.

Agentziak | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak esan du ostiral hau, urriaren 1a, "egun seinalatua" dela, Euskadik espetxeen kudeaketa bere gain hartzen duelako, eta azpimarratu du 2022ko aurrekontuen proiektuak "Eusko Jaurlaritzaren ibilbide-orria ezartzeko behar den gastu-konpromisoa" jasoko duela.

Eusko Legebiltzarrean gaur egindako kontrol saioan, Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IU taldeko legebiltzarkideak EAEko espetxeen kudeaketaren transferentziari buruz galdetu dio lehendakariari.

Gorrotxategiren esanetan, "presoen birgizarteratzea da espetxe-politikaren helburu nagusia", eta transferentzia hori "gauzak behar bezala egiteko eta giza tratua eta birsozializazioa lortzeko aukeratzat hartu behar da". Halaber, transferentziaren garapenari buruz galdetu du, besteak beste, horretarako erabiliko den finantzaketaz.

Bere erantzunean, lehendakariak nabarmendu du transferentzia "ziurtasun" bat dela, izan ere, "40 urteren ondoren, urrats berri bat eman da euskal autogobernuan, eta Eusko Jaurlaritzaren lehen ardura transferentzia "lasai" bat egitea izan dela esan du.

Horretarako, "hainbat erabaki" hartu dituztela azaldu du, eta "etorkizunean, orain arte hartu diren erabakietan" oinarritu behar direla aurreratu du, hala nola espetxeetako funtzioen transferentzia, kudeaketarako autonomia indartzea, zerbitzuen gidalerroak eta aginduak pentsatzea, aurrekontu programa berri bat irekitzea eta mahai sektorialean lan baldintzak negoziatzea.

Zentzu horretan, Eusko Jaurlaritzak ordezkaritza handiena duten bederatzi sindikatuekin akordioa lortu duela gogorarazi du: "Akordio horiei esker, langile horien lan-baldintzak bi urtez mantendu ahal izango dira, eta berehalako hobekuntza batzuk ere egin ahal izango dira".

Halaber, Urkulluk esan du Eusko Jaurlaritzak koordinaziorako harremanak ezarri dituela inplikatutako sailen artean: Hezkuntza, Segurtasuna, Osasuna, Lana, Berdintasuna, Justizia eta Gizarte Politikak. "Espetxeetan zerbitzuak ematen dituzten erakundeekin lankidetza jarri dugu martxan", esan du Eudelekin komunitatearen aldeko lanak egiteko hitzarmena egiten ari direla jakinarazi aurretik.

Halaber, ziurtatu du lehentasuna emango zaiola genero-ikuspegiari, zigortutako pertsonen seme-alabak babesteari, osasun mentaleko arazoei, justizia berrezartzailearen programei, lan-integrazioari, politika publikoen integrazioari eta hirugarren sektorearen lankidetza indartzeari.

Azkenik, 2022ko aurrekontuen proiektuak "Eusko Jaurlaritzaren ibilbide-orria ezartzeko behar den gastu-konpromisoa" jasoko duela azpimarratu du. "Adierazi dituzun kezka guztiak aurrekontuen proiektuan ere sartzea eta zure babesa izatea espero dut", erantzun dio Gorrotxategiri.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iñigo Urkullu IU Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Eguneko albisteak Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi EAEko Autonomia Estatutua Espetxeak Miren Gorrotxategi