Politika -
Elkarrizketa
Andueza prest dago EH Bildurekin "itun handiak" egiteko, baina indarkeria gaitzesteko eskatu dio
PSE-EEren Idazkaritza Nagusirako aurrehautagaiak iragarri duenez, baditu hautagaitza aurkezteko bermeak. Bestalde, PSE-EEk EAJrekin batera osatzen duen gobernuarekiko "leial" jardungo duela baieztatu du.
Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA
Eneko Andueza PSE-EEren Idazkaritza Nagusirako aurrehautagai eta Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak esan du beste alderdi batzuekin itunak lortzeko prest dagoela, baina "baldintza eta gainditu ezin diren marra gorriak" badaudela azpimarratu du. Horiei buruz galdetuta, eta ezker abertzalea hizpide hartuta, indarkeria gaitzestea beharrezkoa dela erantsi du, "herri honetan gertatu den guztian erantzukizun zuzena duelako".
Radio Euskadin egin dioten elkarrizketa nabarmendu duenez, pertsona "leiala" da, "sinatutako akordioak betetzeko daudela" uste duten horietakoa. Hala, EAJrekin bere alderdiak duen gobernu koalizioan adostutakoak errespetatu egingo dituela berretsi du. "Hortik aurrera, hauteskundeak egiten direnean, herritarrek erabakiko dute zein tokitan kokatzen den Alderdi Sozialista eta gobernuan sartzeko aukerarik ote dagoen. Garrantzitsuena ez da norekin, baizik eta zertarako, zein programarekin eta zein eskaintzarekin", azaldu du.
EH Bilduri buruz, Gipuzkoako PSE-EEren idazkari nagusia ere badenak gogora ekarri du sozialistek "akordio zehatzak" egin dituztela koalizio subiranistarekin Espainiako Estatuan, udaletan eta beste erakunde batzuetan. "Akordio horiei esker, Espainiako gobernuburu sozialista bat dugu, eta aurrekontu batzuk. Baina itun handiak lortzeko bidea dute egiteke", azaldu du.
PSE-EEren Idazkaritza Nagusiko barne-hauteskundeen harira, Anduezak iragarri du badituela hautagaitza aurkezteko bermeak. Aurkariaz —Soraya Morla Basauriko zinegotzi ohia— galdetuta, ez du irabazteko dituen aukerez hitz egin nahi izan.
Azkenik, irabaztekotan egingo dituenez itaunduta, azpimarratu du lidergoan "elkarrizketarekin eta umiltasunarekin" jardungo duela; izan ere, "jakin badakit gu hemen jartzen, kentzen edo igotzen gaituztenak militanteak direla". Bere proiekturako "pertsona onenak" nahi dituela ere esan du, PSE-EEko gazteak tartean direla.