Politika -

FRANQUISMOA

1936 eta 1948 arteko errepresioak 3.507 hildako utzi zituen Nafarroan

Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikerketa taldeak gaur goizean aurkeztu die ikerketa Nafarroako Gobernuko memoriaren arduradunei.

Otsoportilloko leizea (Urbasa). Artxiboko irudia: EiTB Media
Otsoportilloko leizea (Urbasa)
Otsoportilloko leizea (Urbasa). Artxiboko irudia: EiTB Media

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Memoria Historikoaren Dokumentu Funtsak 1936 eta 1948. urteen bitartean frankismoaren errepresioaren ondorioz hildako 3.507 pertsona erregistratu ditu, bai Nafarroan bizi zirenak edo Foru Erkidegoan erailak izan zirenak.

Txostena astearte honetan aurkeztu dio Fernando Mendiola irakasleak Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetako kontseilariari. Martin Zabalza Bake, Bizikidetza eta Giza Eskubideen zuzendari nagusiak, Cesar Layana Memoriaren Nafarroako Institutuko Dokumentazio Zentroko arduradunak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko zenbait ordezkarik ere hartu dute parte topaketan.

Nafarroako Memoria Historikoaren Funts Dokumentalak (NUP) egindako ikerketa honetan, kategoria eta azpikategoria ezberdinen arabera sailkatu dituzte biktimak: "Hilketak" (2.934), "Gatibu-lanak egiten eraildakoak" (448) eta "Beste testuinguru batzuetan errepresio bidez egindako hilketak" (125).

Aurretik zeuden ikerketak berrikusi ostean burutu da lana, batez ere Jose Maria Jimeno Juriok eta Altaffaylla Kultur Taldeak egindako ikerketen berrikuspenekin, baina argitalpen berriak ere kontsultatu dira, baita artxibo desberdinetako lehen mailako dokumentazioa ere, eta senideen, partikularren eta memoria historikoko elkarteen laguntza ere izan dute.

Foru Gobernuaren arabera, hildako pertsonen ezaugarri batzuk zehazten dira dokumentuan, militantzia politikoa edo sindikala, bizilekua edo jaioterria, eta heriotzaren data, besteak beste

Txosten horren osagarri gisa, kartografia-atal bat ere ireki da web-orrian, "Mapak" menutik eskuragarri dagoena. Bertan, udalerri bakoitzean eraildako pertsonen kopuruak eta tasak kontsulta daitezke, Nafarroan bizi diren biktimen kasuan, bai eta estatu-kolpea izan zenean Nafarroatik kanpo gatibu-lanak egiten ari ziren lagunen heriotzak ere. 

Irailaren 22ko jardunaldia

Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren arteko Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen arloko lankidetza-hitzarmenaren esparruan, "Gerra Zibilaren eta errepresio frankistaren biktimen erroldak" izeneko jardunaldia egingo da bihar, irailak 22, Gogora Institutuaren egoitzan, Bilbon.

Besteak beste, Fernando Mendiola eta Nerea Perez Nafarroako Unibertsitateko Memoria Historikoaren Dokumentu Funtsaren kideak hartuko dute parte. Horrez gain, mahai-inguru bat ere egongo da, txostengileen eta Memoria Demokratikoaren Estatu Idazkaritzaren parte-hartzearekin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Iruñeko argazkiak Nafarroa gaur Gaurko titularrak Albisteak Frankismoa Giza eskubideen urraketak frankismoan