Politika -

Ustelkeria

Fiskaltzak ikerketapean zegoela jakinarazi ostean kitatu zituen zorrak Ogasunarekin Juan Carlos I.ak

El Pais egunkariaren informazioaren arabera, Espainiako errege ohiak Ogasunean egin zuen erregulazioak ez luke baliorik izango Fiskaltzaren abisua jaso ondoren burutu zuelako eta, beraz, auzitara eraman lezakete.

Juan Carlos I.a Espainiako errege emeritua. Artxiboko argazkia: EFE
Juan Carlos I.a Espainiako errege emeritua. Artxiboko argazkia: EFE
Juan Carlos I.a Espainiako errege emeritua. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Goreneko Fiskaltzak bere ondasunak ikertzen ari zela jakinarazi zion Juan Carlos I.a Espainiako errege ohiari, haren abokatuei jakinarazpenak bidalita 2020ko ekainean, azaroan eta abenduan.

Errege emerituak 2020ko abenduan ordaindu zituen Espainiako Ogasunarekin zituen zorrak: 678.3939,72 euro. Aurrez, baina, Fiskaltzaren ohartarazpena jaso zuela baieztatzen bada, erregularizazio horrek ez luke baliorik izango eta, ondorioz, auzitara eraman lezakete, El Pais egunkariak informatu duenez.

Garai hartan egin zen publiko Fiskaltzak bere kontrako ikerketa bat jarri zuela abian, kreditu txartel opakoak erabiltzea egotzita. Ikertzaileen arabera, Allen Sangines-Krause enpresari mexikarraren eskutik jaso omen zuen dirua.   

Lehendabiziko ordainketa egin ondotik bigarrena egin zuen (2021ko otsailean iragarri zuten), hainbat urtetan deklaratu gabeko errentengatik. Oraingoan lau milioi euro inguru ordaindu zizkion Ogasunari, El Pais egunkariak zabaldu zuenez.

Ikerketaren arabera, Zagatka Fundazioaren bidez Juan Carlos I.ak hegazkin pribatuetan egindako gastuak -8 milioi- ordaindu zituzten.

Juan Carlos I.ak 2014an abdikatu zuen eta orduan galdu zuen errege izateagatik zegokion immunitatea, baina bere gastuak 2018ra ordaindu zizkioten eta, ondorioz, lau urte horietan egindako irregulartasunengatik auzitara eraman dezakete.

Zigor Kodearen 305.4 artikuluaren arabera, Ogasunarekin izandako zorrak kitatutzat joko dira nork bere borondatez egiten baldin badu, eta Fiskaltzak, Estatuko Abokatuak edo administrazio publiko batek salaketa bat aurkeztu aurretik edo ikerketapean dagoela jakinarazi aurretik burutu bada.

Espainiako errege ohiak urtebete baino gehiago darama Saudi Arabian ihes eginda eta oraingoz ez dute haren kontrako kereilarik jarri. Alabaina, bere egoera erregularizatu aurretik Fiskaltzaren jakinarazpena jaso zuela baieztatzen bada, izapide horiek baliogabekoak izango lirateke eta, ondorioz, Juan Carlos I.ak auzitegian amaitu beharko luke, Zigor Kodea kontuan hartuta.  

Fiskaltzak oraingoz ez du ezer argitu El Pais egunkariak zabaldutako informazioaren harira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Juan Carlos I.a Auzitegi Gorena Espainiako Felipe VI.a Espainia Ustezko ustelkeria politikoa Eguneko albisteak Albisteak