Politika -
ETA-ren biktimei, babesa
PPk, Voxek eta AVTk larunbat honetarako deitutako omenaldiak eta ekitaldiak mantendu dituzte
Honenbestez, Abascal Arrasaten izango da larunbat honetan. PPren ahotan, deialdi berriarekin "ezker abertzalea bere ekitaldia makillatzen saiatu da".
Agentziak | EiTB Media
PPk eta Vox ultraeskuineko alderdiak larunbat honetarako Arrasaten (Gipuzkoa) deitutako ekitaldiak mantendu dituzte, ETAren biktimei babesa adierazteko, bereziki Henri Paroten biktimei. Era berean, AVTk ekitaldiak egingo ditu lau hiritan.
Goizean, Sare herritarrak Arrasaten egin beharreko ekitaldiak bertan behera utzi ditu, "konfrontazioari aukerarik ez emateko" helburuarekin. Horren ordez, "biziarteko espetxe-zigorraren" aurkako elkarretaratzeak deitu ditu Euskal Herriko plazetan.
Sareren erabakiaren berri izan ondoren, Euskadiko PPk Arrasateko ekitaldiari eutsi dio, terrorismoaren biktimei omenaldia egiteko.
Laura Garrido Euskadiko PPren idazkari nagusiak adierazi duenez, elkarretaratze berriekin "ezker abertzalea bere ekitaldia makillatzen saiatu da, baina biktimak iraintzeko eta terroristak goratzeko espiritua mantentzen du. Ekitaldi iraingarria eragozteko eskatzen diegu agintariei".
Horrela, ETAk Jose Antonio Ortega Lara espetxeetako funtzionarioa bahiturik izan zuen lantegitik hurbil elkarretaratzea egingo du PPk, Arrasateko San Andres kalean.
Era berean, Santiago Abascal Vox ultraeskuineko presidentea Arrasaten izango da larunbat honetan.
"Voces contra el terrorismo" elkarteak deitutako ekitaldiarekin bat egingo du Abascalek. Francisco Jose Alcaraz Voxeko diputatu eta AVTko presidente ohiak zuzentzen du elkartea. Zaragozako kuartelaren aurkako erasoan bere anaia eta bi iloba hil zituen ETAk. Atentatua Paroti egotzi zioten.
Azkenik, Donostia, Madril, Zaragoza eta Granadan larunbaterako deitutako omenaldiak mantendu ditu Terrorismoaren Biktimen Elkarteak (AVT), Henri Paroten biktimak omentzeko.
AVTren hitzetan, Sarek orain deitutako elkarretaratzeek "terroristak ustezko salbuespen legedi baten biktima gisa bistaratzeko asmoa dute".