Politika -
Foruzaingoa
Trafiko eskumena abenduaren 1ean bereganatuko du Nafarroak
Maria Chivite Foru Gobernuko lehendakariak eta Isabel Rodriguez Lurralde Politika ministroak lehen bilera egin dute Madrilen.
Agentziak | EiTB Media
Maria Chivite Nafarroako Gobernuko lehendakariak astearte honetan baieztatu duenez, Foruzaingoak abenduaren 1ean bereganatuko ditu trafiko eskumenak.
Chivitek eta Isabel Rodriguez Lurralde Politikako ministroak lehen bilera egin dute Madrilen. Trafiko zein espetxeetako osasun eskumenak transferitzeko egutegia berretsi dutela azaldu du Nafarroako gobernuburuak.
Trafiko eskumenak transferitzeko lan teknikoek datozen egunetan jarraituko dutela esan du Chivitek. Hala nahi duten guardia zibilek Foruzaingoan sartzeko edo Nafarroan Guardia Zibilaren beraren barruan jarraitzeko aukera izango dutela bermatu du Foru Erkidegoko presidenteak.
Guardia zibilei eskainiko zaizkien baldintzak "erakargarriak" izango direla erantsi du Javier Remirez Nafarroako Exekutiboko presidenteordeak, trafiko transferentziaren ondorioz guardia zibilik erkidegotik alde egin behar ez izateko.
Horrela, batzorde mistoa abenduaren 1ean bilduko da, trafiko eta bide segurtasuneko eskumena transferitzeko.
Nafarroako presidenteak azpimarratu duenez, "lankidetza giroa erabatekoa da, eta trafiko eskumena gauzatzeko egutegia berretsi dugu".
"Trafiko transferentzia gauzatzeko abenduaren 1a gorde dugu agendan. Bitartean, lan teknikoek jarraituko dute, eta Estatuak igorritako dokumentazio teknikoari erantzuna emango dio Nafarroak datorren astean", azaldu du Chivitek.
Foru Exekutiboko buruzagiaren hitzetan, "harreman diskretu batekin, zintzotasunez, autogobernua defendatuz akordioetan aurrera egiten ari gara, eta hori da herritarrentzat garrantzitsuena". "Konfrontazio diskurtsoen gainetik, gure lan egiteko moduarekin herritarrentzako akordio erabilgarriak lortzen ditugu", gaineratu du.
Ministroaren hitzetan, "Espainiako Gobernua erkidegoekin elkarlanean ari da, eta Nafarroa gure herrialdeko pieza garrantzitsu bat da". "Kogobernantzan sinesten dugu, eta transferentzia prozesuak bukatzeko lanean ari gara", esan du Rodriguezek.