Politika -
Kongresu Federala Sevillan
PSOEren Kongresua gaur hasiko da faborito argirik gabe
Rubalcabaren eta Chaconen artean dago Jose Luis Rodriguez Zapateroren idazkari nagusi kargua hartzeko lehia. Bihar jakingo da nork irabazi duen.
Erredakzioa
PSOEren 38. Kongresu Federala hasiko da gaur Sevillan eta alderdian oraindik inork ez du argi nor izango den kongresutik aterako den idazkari nagusi berria, Alfredo Perez Rubalcaba ala Carme Chacon.
Kongresua goizean hasiko da Marcelino Iglesias Antolakuntza idazkariaren hitzaldiarekin eta alderdiko presidentearen izendapenarekin. Kargu horretarako Jose Antonio Griñan izendatuko dute.
Ondoren Manuel Chaves alderdiko egungo presidenteak hartuko du hitza eta horren atzetik Jose Luis Rodriguez Zapateroren txanda izango da, idazkari nagusi gisara egingo duen azken ekitaldian.
Azken orduan idazkari nagusi izateko hautagaitza aurkezteko epea irekiko da, eta Rubalcaba eta Chacon izango dira bakarrak. Izan ere, Antonio Querok iragarri du aurkezteko asmoa duela, baina ez dute uste beharrezko babesa lortuko duenik horretarako. PSOEko 956 ordezkarietako % 20ren babesa behar da idazkari nagusirako hautagai izateko.
Izendapena larunbatean izango da, eta prozesurako adostasun osoa egon da Rubalcabaren eta Chaconen artean.
Idazkari nagusia hautatzeaz gain, ordezkariek beste erabaki batzuk ere hartu beharko dituzte, Gobernuko presidente izateko hautagaia jarraitzaileei irekitako primarioetan hautatu ala ez, besteak beste.
Lehendakaria Rubalcabaren ondoan
Rubalcaba PSOEren idazkari nagusi hautatzen badute, hainbat hedabidek diote Patxi Lopez lehendakaria alderdiko bigarren buruzagia izango dela, eta ministro ohiak bere aldamenean nahi duela aitortu duen arren, ze kargu izango duen ez dakiela ziurtatu du.