Politika -
Dokumentazioa
PSOEren Kongresua: Carme Chaconen hordagoa
Ministro ohiak uko egin zion hauteskunde orokorretan hautagai izateari, baina ez du utzi nahi izan alderdia zuzentzeko aukera.
Erredakzioa
Maiatzean PSOEren Espainiako Gobernurako hautagaia izaten saiatzeari uko egin eta gero, Carme Chacon PSOEko idazkari nagusi izateko lehian sartu da, "sozialismo espainiarrean proiektu berri bat" sustatzeko helburuz.
41 urte baino ez baditu ere, Chaconek ibilbide politiko luzea egin du dagoeneko.
Gainera, lehenengoa izan da hainbat kontutan, hala nola Espainiaren historiako ministro gazteena (36 urte zituela izendatu zuten Etxebizitza ministro) eta Defentsa ministro izan den lehen emakumezkoa. Asteburu honetan Alfredo Perez Rubalcaba menperatzen badu, Espainiako alderdi handietako bat zuzentzen duen lehen emakumezkoa ere izango da.
Maiatzean galdu egin zuen PSOEren hautagaia izateko borroka, Rubalcabari bidea libre uzteko, eta ondoren uko egin zion PSCko burua izateari, oraingoan hordagoa botatzeko, musean bezala.
Haren aldekoek uste dute Carme Chaconek aro berria ireki dezakeela PSOEn, Rubalcaban "iraganeko errezeta berdinak" ikusten dituztelako.
Lehia galtzen badu, ikusteke dago Rubalcabak posturik eskainiko dion zuzendaritzan.
Nolanahi ere, Chacon oso gaztea da oraindik, eta askotan esan du alderdia ez dela bere interes bakarra. Horrenbestez, pentsa daiteke berriz ere borroka egingo duela 2015eko hauteskunde orokorretan PSOEko hautagaia izateko.
Eta PSOEko idazkari kargua irabaziko balu, presidentegaia ere izaten saiatuko litzatekeela baieztatu du.