Politika -
Akordioa
El Prat aireportua handitzea adostu dute Gobernuak eta Generalitateak
Bitariko Batzordean lortutako akordioari esker, 1.700 milioi euro inbertituko dituzte Bartzelonako El Prat aireportuan.
Agentziak | EITB Media
Generalitateak eta Gobernuak akordioa lortu dute astelehen honetan egindako Bitariko Batzordean Bartzelonako El Prat aireportua handitzeko.
Kataluniari dagokionez, ebazpenak "desblokeatu" egiten du Aenak proposatutako 1.700 milioi euroko inbertsioa, eta, gainera, abiadura handiko trena Reusko (Tarragona) eta Gironako aireportuetara eramatea ahalbidetuko du.
Jordi Puignero Kataluniako Gobernuko presidenteorde eta Politika Digitalen, Azpiegituren eta Hiri Agendaren kontseilariak eta Raquel Sanchez Gavako (Bartzelona) alkate ohi eta Espainiako Gobernuko Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioko buruak lortu dute akordioa.
Horrela, El Prat handitzeari buruzko "irtenbide zehatza" hurrengo plan zuzentzailean zehaztea erabaki dute, irailaren 30a baino lehen Aireportuak Arautzeko Dokumentua (DORA) onartu ondoren.
Aurretik, kontsulta bat egingo zaio Europako Batzordeari (EB), proiektuak ingurumenean izan dezakeen eragina dela eta.
Isabel Rodriguez Lurralde Politikako ministro eta Gobernuko bozeramaileak adierazi duenez, 1.700 milioi euro horiek "inbertsio ezin hobea" da Kataluniarentzat; izan ere, horri esker, 83.000 lanpostu zuzen sortuko dira, eta 365.000 guztira.
Iragarritakoaren arabera, inbertsio horri esker, El Prat 30 minutuan lotuko dute Reusko (Tarragona) eta Gironako aireportuekin, bi azpiegitura horietara abiadura handia iristen denean. Horrela, Kataluniako hiriburura iristen den aireko trafikoa arintzea espero da.
El Prateko Udala aireportua handitzeko proiektuaren aurka agertu da, eta Bartzelonakoa (sozialisten eta komunen arteko koalizioa), berriz, zatituta agertu da horren aurrean.
Teresa Jorda ERCko Ekintza Klimatikoko kontseilariak ere hitz egin du, eta "Ricardaren lehen defendatzailea" izango dela nabarmendu du. Ildo horretan, Jordi Puignero Generalitateko presidenteordeak proiektuak Ricardako ingurune naturalean ahalik eta eragin txikiena izango duela ziurtatu du.
Halaber, astelehen honetan iragarri duenez, Espainiako Gobernuak beste 1.600 milioi baliatuko ditu Madril-Barajasko Adolfo Suarez aireportua handitzeko.
Lan-egutegia
Astelehen honetako topaketa "oso bilera ona" izan dela adierazi du Isabel Rodriguez ministroak, eta "Espainiako Gobernuak elkarrizketa suspertzeko abiapuntu ona" dela azpimarratu du.
Ministroaren hitzetan, Bitariko Batzordean bost akordio zehatz lortu dituzte, "datorren seihilekorako lan-egutegi bat zehaztuta".
Bost itun horiek hauek izango dituzte helburu: erakundeen arteko gatazkak murriztea; Transferentzien Batzorde Mistoari agindua ematea, hainbat gairen (bekak eta ikasketa-laguntzak, esaterako) eskualdatzea amaitzeko; Lanbide Heziketaren eskualdatzea "bideragarria" izateko lantaldeak sortzea; Ekonomia eta Zerga Gaietarako Batzorde Mistoa berraktibatzea; eta trenbideen arloari dagokion eskualdaketa egiteko lantalde bat sortzea.
Bestalde, Laura Vilagra Kataluniako Presidentetzako kontseilariaren ustez, Bitariko Batzordean egindako aurrerapenak "ez dira nahikoak" Kataluniako Gobernuak eskatzen dituen 56 eskualdatzeak gauzatzeko. Hala ere, urritik aurrera kontu horiek aztertzeko bilerak egin dituztela nabarmendu du.
Bestalde, Vilagrak esan du bileran ez dela amnistia eta autodeterminazio aldarrikapenei buruz hitz egin, hori irailean berriro abiatuko den elkarrizketa mahaian planteatuko duelako Gobernuak, Bitariko Batzordean jorratutako gaien "trukerako txanpona" izan gabe.