Politika -
Presidenteen Biltzarra
EH Bilduk tresna burujabeak eskatu ditu, Presidenteen Biltzarrean ikusitako "antzerkiaren" aurrean
Maddalen Iriartek "estatus berri bat" eskatu du Espainiako Estatuarekin, "berdinetik berdinera eta bermeekin". Horrez gain, oraindik itundu barik zeuden hiru zerga-figurak ituntzeko akordioa "zazpi hilabeteko atzerapenarekin" iritsi dela nabarmendu du.
Agentziak | EITB Media
Iñigo Urkullu lehendakaria Salamancan gaur egindako Presidenteen Biltzarrean parte hartuko zuen ala ez esateko egindako "antzerkitxoa" kritikatu du Maddalen Iriarte EH Bilduko bozeramaileak, eta Euskadik "erabakitzeko tresna burujabeak" lortzen ez dituen bitartean "unean uneko Espainiako Gobernuaren apeten menpe" egongo dela deitoratu du.
"Euskal Herriako zati honek Estatuarekin beste harremanik ez duen bitartean, horrela egongo gara beti, eta hori da, hain zuzen ere, aldatu behar duguna", adierazi du Bizkaia Irratian egindako elkarrizketan.
Hori dela eta, Iriartek "estatus berri bat" eskatu du Espainiako Estatuarekin, "berdinetik berdinera eta bermeekin", eta gaineratu du: "Geureaz erabakitzeko behar ditugun tresna burujabeak lortzen baditugu, ez dugu hizpide izango lehendakariak bilera horretara joan behar duen ala ez".
Horrez gain, oraindik itundu barik zeuden hiru zerga-figurak ( Finantza Transakzioen gaineko zergak, Zerbitzu Digitalak eta merkataritza elektronikoaren BEZa) ituntzeko erabakiaren inguruan Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak sinatutako akordioari buruz ere hitz egin du Iriartek.
EH Bilduko bozeramailearen ustez, "albiste ona" da hiru zerga horien kudeaketa foru aldundien esku egotea, baina, bere ustez, kasu honek ere "agerian uzten du euskal erakundeek Madrilekiko duten menpekotasuna".
Gogora ekarri duenez, Europar Batasunaren erabakietan jatorria duten hiru zerga dira, urtarrilean indarrean sartu zirenak eta legez aldundiei dagozkienak; beraz, akordioa "zazpi hilabeteko atzerapenarekin iritsi da".