Politika -
ustelkeria
Kitchen auziko epaileak ez du Cospedalen eskurik ikusten eta Fernandez Diaz ministro ohia du begi-puntuan
Epaileak ez du ikusi Cospedalen eta haren senarraren inplikazio intelektualik Barcenasen espioitza planean; Kitchen operazioaren ikerketa Fernandez Diazen Barne Ministerioan eta haren lantaldean oinarritzen da.
o.p. | eitb media
Kitchen auziko epaileak baztertu egin du Maria Dolores de Cospedal PPko idazkari nagusi ohiak "lidergo ideologikoa" izan zezakeela Luis Barcenas diruzain ohiari egindako espioitza operazioan, eta azpimarratu du Jose Villarejo komisarioarekin bildu izana ez dela, bere horretan, delitu.
Horrengatik guztiagatik, Manuel Garcia-Castellon Auzitegi Nazionaleko magistratuak artxibatu egin du auzia Cosepdalentzat, haren senar Ignacio Lopez del Hierrorentzat eta Jose Luis Ortiz Kabineteko buru ohiarentzat.
Aldiz, Jorge Fernandez Diaz Barne ministro ohiarentzat eta bere saileko buruzagientzat, Francisco Martinez bere bigarren kargudunarentzat barne, jarraitu egiten du auziak haiek epaitzeko eskatu du epaileak. Izan ere, Garcia-Castellonek uste du Barcenasek gordetzen zituen eta PP konprometitzen zuen Gurtel auziari buruzko dokumentuak eskuratzeko ustezko operazioa Ministerioaren "esparru instituzionalean" asmatu zela, ministroaren aginduei jarraituz eta Estatuko Segurtasun idazkariaren "kontrolpean".
Hasiera batean, epaileak pentsatu zuen Cospedalek eta haren senarrak zeregin erabakigarria izan zitzzaketela Sergio Rios Barcenasen gidaria (hura ere auzipetua) polizia-espioi gisa atzemateko, baina, azkenean, baztertu egin du aukera hori, ondorioztatu baitu biek ala biek ez zutela "inolako loturarik" harekin, eta lotura hori "Villarejoren Agenda pertsonaleko idatzoharretan baino" ez dela oinarritzen.
Frogatu da, senar-emazteek hala onartu zutelako, Villarejorekin bildu zirela, Cospedalen kasuan behin baino gehiagotan; komisario ohiak prentsarekin zituen harremanekin justifikatu zituen bilera horiek.
Horren harira, epaileak argi utzi du ezin dela "biltzeko eskubidea kriminalizatu", eta inor ezin dela delituaren susmagarri izan Villarejorekin "harremana izateagatik".
Instruktoreak "alferrikakoak" ikusten ditu bilera horiek justifikatzeko ahaleginak, izan ere, "ez da beharrezkoa". Dioenez, "gure berme konstituzionalen sistemak errugabetasuna aurreikusten du, eta, beraz, ulertu behar dugu ez zegoela delituzko borondaterik, zantzu zehatzetan oinarritu ezean".
Garcia-Castellok hamaika pertsona epaitzea proposatu du, Fernandez Diaz eta Francisco Martinez Estatu idazkari ohiaz gain, Eugenio Pino Zuzendaritza Eragilearen (DAO) arduradun ohia, Jose Manuel Villarejo, Jose Luis Olivera, Marcelino Martin Blas, Enrique Garcia Castaño eta Andres Gomez Gordo komisarioak eta Bonifacio Diez eta Jose Angel Fuentes Gago poliziak, baita, Barcenasen gidari ohi Sergio Rios ere.
Prozesuak aurrera jarraitzen du guztientzat; izan ere, Garcia-Castellónen ustez sekretuak aurkitu eta ezagutaraztearen, prebarikazioaren, delituak jazartzeko betebeharra ez betetzearen, eroskeriaren, eragin-trafikoaren eta bidegabeko eralgitzearen delituak egin izanaren zantzuak daude.
Hala, Epaileak Barne Ministeriora mugatu du 'Kitchen Operazioa', eta beraz, baztertu egin du Fernandez Diazek zuzentzen zuen departamentutik kanpoko sare politiko bat dagoenik auzian inplikatuta.