Politika -

Elkarrekin Podemos-IU

Miren Gorrotxategi: "EAJ eta PSE ez dira pandemiaren aurkako legearen aplikazioa errazten ari"

Osasun sailburuak astero pandemiaren bilakaeraren berri emateko, bi alderdiek Legebiltzarra abuztuan martxan izatea eragotzi dutela deitoratu du Elkarrekin Podemos-IUko bozeramaileak. “Zientzialariek beharrezkoa dela baldin badiote” etxeratzeko agindua babestuko dutela aurreratu du.

Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IUko bozeramailea Eusko Legebiltzarrean. Irudia: Radio Euskadi
Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IUko bozeramailea Eusko Legebiltzarrean. Irudia: Radio Euskadi
Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IUko bozeramailea Eusko Legebiltzarrean. Irudia: Radio Euskadi

N.D. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IUko bozeramaileak kritikatu duenez, "EAJ eta PSE ez dira pandemiaren aurkako legearen aplikazioa errazten ari". "Osasun sailburuak astero pandemiaren bilakaeraren berri emateko", bi alderdiek Legebiltzarra abuztuan martxan izatea eragotzi dutela deitoratu du Radio Euskadiko Boulevard Informativo irratsaioan.

"Legearen 12. artikuluak berak aukera hori aurreikusten du, baina Gobernu kideek uko egin diote", gogorarazi du. "Ez da legea urratzea, baina bai betetzea, ez erraztea", zehaztu du legebiltzarkideak. "Munduko legerik onena izan dezakegu, baina martxan jarri behar duenak ez badu egiten, ez du ezertarako balio", gogoeta egin du.

Pandemia egoeraren harira, "gazteei errua botatzea bidegabea" ikusten du Gorrotxategik. "Bidegabea da, eta ez da erreala", gazte asko arauak betetzen ari direlako. Arazo nagusia "aztarnarien falta da", eta bere semeak egin duen auto itxialdia adibide bezala jarri du: "aztarnariaren deia jasotzeko zain 9 egun eman ditu".

"Erantzukizuna Jaurlaritzarena da, pertsona horiek kontratatu behar dituelako", azpimarratu du. "Honezkero, sailburuak entzun digula ematen du, eta aztarnarien kopurua handitzeko asmoa du", onartu duenez.

Etxeratzeko agindua eskatuz gero, Jaurlaritza babestuko dutela argi utzi du Miren Gorrotxategik. "Oinarri tekniko zientifikoa duten neurri guztiak beti babestu izan ditugu, erantzukizunagatik, eta zientzialariek kutsatzeak saihesteko etxeratzeko agindua behar dugula esaten badigute, noski, babestuko genuke", erantsi duenez.

Bestalde, lehendakaria ostiralean Salamancako Presidenteen Biltzarrera joan beharko litzatekeela uste du Gorrotxategik. "Hitz egiteko esparrua da, eta lehendakariak mahai horretan egon beharko luke; Idoia Mendiaren uste berekoa naiz", esan du.

Gijonen gertatutako talde bortxaketa gaitzetsi du legebiltzarkideak: "emakumeak babesteko politikak garatzearen garrantzia begi-bistan utzi du". Zentzu horretan, Irene Montero ministroa goraipatu du: "berdintasuna defendatzeko bere larruazala eta gorputza jartzeko prest dagoen norbait izatea oso garrantzitsua da". "Espainiako legeak indarkeria matxistaren aurka borroka egiteko eredu bat direla esan du Frantziako ministroak", nabarmendu duenez.

Irune Costumero auziaren epaiari buruz, "ebazpena irakurri ahal izan dut, eta testigantza oso desberdinak daude", adierazi du. Gorrotxategiren esanetan, "Erabateko babesgabetasun egoera bat eman dela argi dago", azpimarratu du.

Maialen Chorrauten garaipena zuzenean jarraitzeko aukera izan du buruzagiak. "Albiste pozgarria da", esan du. Kirolaria zoriondu eta Clara Azurmendi animatu ondoren, "emakume eta kirol esparruan ere, konpontzeko asko dago", gogorarazi du.

Azkenik, Gobernu Kontseiluak gaur onartu beharreko Memoria Historikoaren Legearen harira, "ez dugu edukia ezagutzen", adierazi du Gorrotxategik. Lege baten beharra beti defendatu izan dutela azaldu du, "diktaduraren ondotik 40 urte pasa direlako legerik gabe".

Gorrotxategiren ahotan, Eusko Jaurlaritzak "ez zuen haren beharrik ikusten duela bi urtera arte", baina "behingoz, joko zelaia mugatuko duen Memoria Lege bat izango dugu, ez orain arte bezala txandako gobernuaren borondatearen menpe".

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Eusko Jaurlaritza Alderdi politikoak PSE-EE Eguneko albisteak Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi Koronabirusa Miren Gorrotxategi