Politika -

Memoria historikoaren Legea

Euskadik hobiak suntsitzea eta frankismoa goraipatzea isunekin zigortzeko asmoa du

Era berean, egia ikertzeko eta ezagutzeko garrantzitsuak diren dokumentuak suntsitzea eta ezkutatzea arau-hauste oso larritzat joko ditu, eta 10.000 eta 150.000 euro arteko isunekin zigortuko dira.

Hobia Bizkargin. EiTB Mediako bideo batetik ateratako irudia.
Hobia Bizkargin. EiTB Mediako bideo batetik ateratako irudia.
Memoria Historiko eta Demokratikorako lege proiektuari argi berdea eman dio Gobernu Kontseiluak

1:12

Eriz Lotina | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskadiko Memoria Historiko eta Demokratikoaren Lege Aurreproiektuak arau-hauste oso larritzat jotzen ditu, adibidez, Gerra Zibileko biktimen hobiak suntsitzea, eta egia ikertzeko eta ezagutzeko garrantzitsuak diren dokumentuak suntsitzea eta ezkutatzea.

Era berean, arau-hauste larrien artean, honako hauek nabarmentzen dira: giza gorpuzkiak aurkitu direla ez jakinarazteari buruzkoak; Gerra Zibilaren eta diktaduraren biktimen aurkako adierazpenak, eta 1936ko kolpe militarra eta diktadura gogoratzeko edo goraipatzeko ekitaldiak.

Horien ondorioz, 10.000 eta 150.000 euro bitarteko isunak ezartzen dira arau-hauste oso larrien kasuan; 2.000 eta 10.000 euro artekoak arau-hauste larrien kasuan, eta 200 eta 2.000 artekoak arau-hauste arinen kasuan.

Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak prentsaurrekoa eman du, Gobernu Kontseiluan Euskadiko Memoria Historiko eta Demokratikoaren Lege Aurreproiektua onartu dela eta Legebiltzarrera igorriko dela jakinarazteko.

Hala ere, lege honek, Euskadiren kasuan, ez du esan nahi arlo honetako jarduera publiko eta instituzionala hasi denik. Artolazabal sailburuaren hitzetan, "hamarkadetako ibilbide honek Euskadi erreferentzia gisa jarri du memoria historiko eta demokratikoan. Ibilbide horri Gobernu Kontseiluak gaur onartu duen lege-aurreproiektuak arau-esparrua indartu eta eman nahi dio".

"Egia da justiziarako bermerik onena"

Etorkizuneko legeak bi helburu ditu: batetik, Gerra Zibilaren eta diktadura frankistaren biktimen memoria, aitortza eta erreparazioa sustatzea; eta, bestetik, printzipio eta balio etiko eta demokratikoak sustatzea.

Beatriz Artolazabal sailburuaren hitzetan, gaur onartutako aurreproiektuak "iraganari begiratzen dio, baina, batez ere, Euskadiren etorkizunari. Etorkizuna oroimenez, egia baita justiziarako bermerik onena. Eta oroimena, egia, justizia eta ez errepikatzea guztion ondare demokratikoa dira".

Artolazabalek aldarrikatu duenez, "memoriak ezin du zatiketarako eta konfrontaziorako tresna izan; memoria, egia eta biktimen aitortza guztion ondarea dira eta izan behar dute".

Legeak printzipio hauek ditu oinarri: egia, justizia, erreparazioa eta berriz ez gertatzeko bermea, baita balio demokratikoak ere: konkordia, bizikidetza, aniztasun politikoa, giza eskubideen defentsa, bakearen kultura eta gizonen eta emakumeen berdintasuna. Ildo horretan, genero-ikuspegia aurreproiektuaren idazketan agertzen da.

"Memoriak ezin du zatiketarako eta konfrontaziorako tresna izan"

Memoria Historiko eta Demokratikoaren Lege Aurreproiektuak egiarako eskubidea jasotzen du, gizarte osoak eta bereziki biktimek Gerra Zibilean eta diktaduran gertatutakoa ezagutzeko duten eskubidea jasotzen du, eta, horretarako, besteak beste, 1936 eta 1978 bitartean Euskadin izandako giza eskubideen urraketen txostena edo Gerra Zibilean Euskadin izandako hildakoen errolda egitea.

Justiziarako eskubideari dagokionez, Justizia Administrazioa Estatuaren eskumen esklusiboa dela kontuan hartuta, III. kapituluan zehazten du zer bultzada eta lankidetza izango diren Ertzaintzarekin, Fiskaltzarekin eta organo judizialekin, giza gorpuzkiak aurkitzearen eta egindako identifikazioen ondorioz delitu-zantzuak daudela jakinarazteko.

Aurreproiektuak biktimek errekonozimendua eta erreparazioa jasotzeko duten eskubidea arautzen du, eta, horretarako, honakoa aurreikusten du: batetik, administrazio honek iraganean gauzatutakoen osagarri diren kalte-ordainen egokitasuna eta bideragarritasuna baloratzea, eta, hala badagokio, ezartzea, eta, bestetik, hildakoak banan-banan aitortzea eta kolpe militarraren eta diktaduraren biktimak gogoratzeko eta omentzeko urteko egun bat ezartzea.

V. kapituluan, memoria zabaltzeko neurriak lantzen dira: Gogora Institutuaren Dokumentazio Zentroa sendotzea, Institutuaren egoitzan erakusketa-gunea sortzea eta beste dibulgazio-jarduera batzuk. Atal honetan, Hezkuntza Sailarekin lankidetzan aritzeko funtsezko bide bat ezartzen da, Memoria Historikoa euskal curriculumean txertatzeko tresna didaktikoak garatzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra Euskal Autonomia Erkidegoa Eguneko albisteak Albisteak Frankismoa Memoria Historikoa Polizia abusuen biktimak