Politika -
osasun batzordea
Abuztuan, pandemia betean, Osasun Batzordea ez mantentzea deitoratu dute EH Bilduk eta Podemosek
EAJk eta PSE-EEk uko egin diote abuztuan Osasun Batzordea osatzeko eskaerari, eta Sagarduik, beraz, ez du abuztuan pandemiaren bilakaeraren berri emango.
o.p. | eitb media
EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek deitoratu dute Eusko Jaurlaritzako taldeek (EAJ eta PSE-EE) atzera bota izana abuztuan Legebiltzarreko Osasun Batzordea gaitzeko egindako eskaera, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak COVID-19aren pandemiaren bilakaerari buruzko informazioa abuztuan ere eman zezan.
Bi koalizioek Legebiltzarrean eskatua zuten batzorde hori martxan izan zedin abuztuan ere, Exekutiboak astero eman zezan pandemiaren intzidentziaren eta horren arabera har zitezkeen neurrien berri. Izan ere, argudiatu dutenez, Legebiltzarrak onartu berri duen pandemiaren aurkako legeak jasotzen du Parlamentuari astero emango zaiola egoeraren berri.
Gobernua osatzen duten alderdiek, ostera, Parlamentuko Gobernu organoan duten gehiengoa baliatu dute eta eskaera atzera bota dute.
Ezkerreko bi alderdiek adierazi dutenez "arduragabekeria eta talde parlamentarioekiko mespretxua" da sailburua irailera arte batzordean ez agertzea, "Osasun krisia larriagotzen ari denean eta kutsatzeen olatua gora doanean".
"Harrigarria da EAJk eta PSE-EEk egoera ez dela apartekoa argudiatzea, egunotan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan pandemia osoko transmisio daturik okerrenak ditugunean eta marka guztiak gainditzen ari garenean, intzidentzia-tasa igo eta igo.
Azaldu dutenez, "zeharo inkoherentea da egoera ez dela apartekoa esatea gaur arratsaldean bertan LABIk, ziurrenik, ezohiko neurriak iragarriko dituenean. Halaber, Osasun sailburua iraila baino lehen agertzea ez dela beharrezkoa esanez, EAJk eta PSE-EEk Legebiltzarra bera ere mespretxatu" dutela gaineratu dute. "Diotenez, aski da Osakidetzak pandemiaren bilakaerari buruz egunero argitaratzen duen informazioarekin eta Parlamentuak ez omen du besterik behar", diote.
Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IUko bozeramaileak, bestalde, ohar batean adierazi duenez, koronabirus kasu berrien gorakada ikusita "ez da oporrak hartzeko garaia", eta Legebiltzarrak "martxan egon beharko luke".