Politika -
Memoria historikoa
Memoriaren lege proiektuak frankismoa goratzen duten taldeak debekatuko ditu
Ministroen Kontseiluak gaur onartuko du araua. Besteak beste, diktadurako zigorrak baliogabe joko dira eta gorpuzkiak berreskuratzea sustatuko da. Arrazoi ezberdinak tarteko, testua ez da taldeen guztiz gustukoa.
Agentziak | EITB Media
Espainiako Gobernuaren Ministroen Kontseiluak Memoria Demokratikoaren lege proiektua onartuko du gaur. 2007tik indarrean dagoen legea ordezkatuko du, Zapateroren exekutiboak onartutakoa. Legeak ekarriko dituen berrikuntzen artean, diktadurari gorazarre egiten dioten eta "biktimak gutxiesten" dituzten fundazio edo elkarteak desegin eta debekatu egingo dira; Francisco Franco Fundazioa, esaterako.
Arauak 1936ko uztailaren 18ko estatu kolpea eta ondorengo diktadura gaitzetsi eta frankismo garaian egindako epaiketa errepresiboak baliogabe utziko ditu. Frankismoaren apologia egiten duten elkarteak debekatzeaz gain, biktimen gorpuzkiak berreskuratzeko lanak bultzatzea eta desagertuta dauden pertsonak identifikatzeko DNA bankuak sortzea proposatzen du legeak. Halaber, Auzitegi Gorenean fiskaltza berezi bat sortzea aurreikusi du biktimen eskubideak babesteko eta frankismoko krimenak ikertzeko.
Erorien Harana ere jomugan jarriko du legeak, eta hori kudeatzen duen fundazioa (Santa Cruz Fundazioa) bertan behera uztea ekarriko du. Horrela, bertan dauden monje beneditarrek Harana utzi beharko dute (edozein kasutan, azken kontu hori Elizarekin negoziatu nahi du Espainiako Gobernuak). Akordio hori heldu bitartean Espainiako Ondareak hartuko du horren ardura.
2007ko legeak ez zituen arau-hausteak zigortzen, baina honakoak 140.000 eurorainoko isunak aurreikusi ditu urratze larrienetarako; hobiei eraso egiteagatik edo frankismoa goratzeagatik, adibidez.
Lege proiektua behin onartuta, Gorteetara bidaliko dute izapidetzen hasteko. Kongresura irailean helduko da. Arrazoi ezberdinak tarteko, testua ez da taldeen guztiz gustukoa. Unidas Podemosen arabera, legea "positiboa da, baina hankamotz" geratzen da hainbat esparrutan; beraz, hobetzen saiatuko direla iragarri du. Besteak beste, biktimentzako kalte-ordainak eskatuko ditu eta "trantsizio garaian egindako eskubide urraketak diktatura krimentzat" hartzea galdegingo du. Alderdi Popularrari, ordea, ez zaio batere gustatu, eta boterera heltzen denean beste bat onartuko duela iragarri du ("Adiskidetasun Legea" izango dela esan dute). Voxek, berriz, Auzitegi Konstituzionalera joko duela esan du.
Podemosen antzera, frankismoaren kontrako elkarteek adierazi dute Espainiak memoria historikoaren lege berria behar duela, baina lege proiektu horrek "hutsuneak" dituela salatu dute.