Politika -
Ipar Euskal Herria
Lurreko muga pasabideetako kontrolak areagotuko direla iragarri du Jean Castex Frantziako lehen ministroak
EH Bai koalizioak manifestazioa egin du, "Mespretxurik ez!" lelopean. Hasiera batean, Baionako eta Angeluko txertaketa zentroetara sartzeko baimena Frantziako hedabideek soilik izan dute, eta horrek polemika eragin du.
Eriz Lotina | EiTB Media
Lurreko muga pasabideetako kontrolak areagotuko direla iragarri du Jean Castex Frantziako lehen ministroak Baionan (Lapurdi). Covid-19aren aurkako txertaketa kanpainaren inguruan hitz egiteko izan da Ipar Euskal Herrian, Emmanuel Macron presidenteak bere azken agerraldian kanpaina bultzatzeko saiakera egin ondoren.
Konkretuki, lehen ministroa hiriburuko Glain txertaketa zentroan izan da. Prefetarekin eta Estatuko zerbitzuekin bildu da bertan, txertaketaren eta osasun ziurtagiriaren inguruan mintzatzeko, Sud Ouest atariak zehaztu duenez.
"Osasun neurriak zorroztea ezinbestekoa da pandemiari aurre egiteko eta Frantzia babesteko", adierazi du Castexek Angeluko osasun zentroan. Horretarako, "herritarrek txertoa jartzea oso garrantzitsua da", berretsi du lehen ministroak.
Beranduago Baionako erdialdea bisitatu du, eta txertaketa kanpaina are gehiago bizkortzeko langileekin bildu da.
Jean-Rene Etchegaray Euskal Elkargoko presidenteak Frantziako agintaria lagundu du; izan ere, Ipar Euskal Herriko hautetsi errepublikarrek Castexi harrera beroa egin diote. Elkargoaren Kontseilua larunbat honetan biltzekoa zen, baina batzarra uztailaren 24ra atzeratu behar izan dute.
Protestak eta polemika
Bestalde, lehen ministroaren bisita azkenaldiko "erasoak salatzeko" aprobetxatu nahi izan du Euskal Herria Bai (EH Bai) koalizioak. Zentzu horretan, "euskara, hezkuntza, aitorpen instituzionala edo bake prozesuak jasandako erasoak", zerrendatu ditu koalizio abertzaleak.
Gainera, osasun neurri berriak kritikatu ditu EH Baik, "gure herriaren baitan mugimenduak gehiago mugatzen dituztelako", mugaren bi aldeetan.
Jendarmeriaren dispositibo zabal batek estu hartu du EH Bairen manifestazioa. "Mespretxurik ez!" lelopean protesta egin dute. Manifestariak txertaketa zentrora hurbiltzen saiatu dira, baina ez dute lortu, jendarmeek bidea itxi dietelako. Negar eragiteko gasa ere bota dute poliziek.
Polemikak txertaketa zentrora egindako bisita markatu du; izan ere, hasiera batean Castexen agerraldia jarraitzeko baimena Frantziako hedabideek bakarrik jaso dute. Protesten ondoren, ETBko kamerak eta Mediabaskeko kazetari bat sartu dira, baina beste komunikabide batzuk kanpoan geratu dira, Berria esaterako.