Politika -
EUSKO JAURLARITZA
Sanchezek Gobernuko aldaketek konpromisoak betetzen lagunduko duela espero du Eusko Jaurlaritzak
Pedro Sanchezek Espainiako Gobernuan izandako aldaketak "bi gobernuen arteko harreman instituzionaletan sakontzen" lagunduko duela espero du Zupiriak.
EITB MEDIA
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak espero du Pedro Sanchezen kabinetean egindako aldaketek bi gobernuek legegintzaldiaren hasieratik adostutako konpromisoetan aurrera egiteko balio izatea, besteak beste, Gernikako Estatutuaren garapenean.
Zupiriak zehaztu duenez, Iñigo Urkulluren Gobernuari ez dagokio aldaketa horien aukerak aztertzea. Hala ere, "bi gobernuen arteko harreman instituzionaletan sakontzeko balio izatea" espero duela azpimarratu du.
Zentzu horretan, "inbestidura hasieratik gai zailetan aurrera egitea" espero du, "publikoak diren akordioetan", eta Eusko Jaurlaritza akordio horiek errealitate bihurtzeko "zain" dagoela gaineratu du. Puntu horretan Gernikako Estatutuaren garapena eta "betetzeko Sanchezek hartutako konpromisoa" aipatu ditu, eta "Next Generation" Europako funtsen administrazioa, kudeaketa eta banaketa ere gogora ekarri nahi izan ditu.
Azkenik, Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoaren hurrengo bilerari begira, zergen hitzarmenarekin zerikusia duena jarri du mahai gainean.