Politika -

Ermua

PPk Miguel Angel Blanco omendu du, bere hilketaren 24. urteurrenean

Terrorismoaren biktimak oroitzeko monolitoaren ondoan egin dute ekitaldia, Gasteizen.

Bertaratutakoek lore eskaintza eta minutu bateko isilunea egin dute. Argazkia: EFE.
Bertaratutakoek lore eskaintza eta minutu bateko isilunea egin dute.
Bertaratutakoek lore eskaintza eta minutu bateko isilunea egin dute. Argazkia: EFE.

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Migel Angel Blanco Ermuko (Bizkaia) PPko zinegotziaren hilketa oroitzeko ekitaldia egiten dute urtero Arabako popularrek. Uztailaren 12an egin ohi dute omenaldia, eta, oraingoan, Laura Garrido Euskadiko PPko idazkari nagusiak zuzendu du ekitaldia; 24 urte dira ETAk Blanco hil zuenetik.

Ekitaldia 11:30ean hasi da, terrorismoaren biktimak gogoan izateko Gasteizko monumentuaren ondoan. Minutu bateko isilunea egin dute, eta, ondoren, Garridok gogoratu du Blanco "Belaunaldi Berrietako gazte bat" izan zela, "gutako asko bezala", eta aurrerapausoa ematea erabaki zuela, hau da: "Ermuan PPko zinegotzi izatea eta herritarrak ordezkatzea".

Popularren idazkari nagusiak akordura ekarri ditu "egun izugarri horietako mina, 48 ordu horietan kamera geldoko hilketa iragarri izanaren etsipena, elkarretaratzeak eta mobilizazioak Ermuan ez ezik, Euskal Herrian eta Espainia osoan ere".

PPko buruzagiaren arabera, egun haiek "terrorismoaren aurkako borrokan inflexio puntu bat eragin zuten. 'Ermuko Espiritua' delakoa sortu zen; benetako herri-iraultza bat, kontzientziak astindu zituena eta terrorismoari bere zilegitasun osoa kentzeko balio izan zuena, baina ez bakarrik terroristei, baizik eta baita haien konplize eta terrorismoa goratzen eta babesten zutenei ere".

Horren harira, Garridok azpimarratu du "zalantzarik gabe, elkarbizitzaren borroka" gainditu beharra dagoela, "Euskadiko gazte bat ere mehatxa, jo edo kolpa ez dezaten, nazionalista ez izate hutsagatik".

Era berean, "Miguel Angel Blancoren irudiaren ondarea" goraipatu du, eta gogoratu du "egiaren kontakizuna, egiazkoa, kontuan izan behar" dagoela uneoro, "edozein gaztek, egun horiek bizi izan ez arren, jakin dezan zer suposatu zuten egun horiek euskal gizartearentzat eta Espainiako gizartearentzat. Eta egiaren kontakizun horretan letra larriz ager daitezela memoria, duintasuna eta justizia terrorismoaren biktima guztiekiko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Ermua ETA Euskadiko PP Eguneko albisteak Albisteak Terrorismoaren Biktimak Erailketak Durangaldea azken ordukoa