Politika -
13/13 auzia
Epaiketa baliogabe uzteko eskatu du defentsak prozesuan izan diren irregulartasunengatik
Defentsa abokatuek auzipetuen oinarrizko eskubideak urratu direla salatu dute eta, irregulartasunen egon direla argudiatuta, kasua artxibatzeko eskatu dute.
Olatz Prat | EITB MEdia
Astelehen honetan, goizeko 11:00k aldera hasi da 13/13 sumarioan auzipetutako zortzi pertsonen aurkako epaiketa, Arantza Zulueta, Jon Enparantza, Naia Zuriarrain, Julen Zelarain, Iker Sarriegi, Saioa Agirre eta Nerea Redondo. Juan Mari Jauregi, auzipetua bazegoen ere ezingo dute epaitu, osasun arrazoiak tarteko.
Aurretiazko gaiak jorratu diren lehen saioan, defentsa-abokatuek epaiketa balio gabe uztea eskatu dute, prozesamenduan izan diren irregulartasunak medio.
Defentsak eskatu du epaiketa Youtube bidez ez dadila emititu, lekukoek akusatuen adierazpenak ikus ditzaketela eta horrek deklarazioan eragina izan dezakeela argudiatuta. Halaber, guardia zibilek lekuko gisa babes neurririk gabe deklaratzea eskatu dute, ETAren mehatxurik ez dagoelako jada. Defentsaren eskaera biak atzera bota ditu Angela Murillo epaimahaiburuak.
Alfonso Zenonek, Arantza Zulueta eta Jon Enparantzaren abokatuak, auzipetuen oinarrizko eskubideen urraketarekin lotutako sei gai zerrendatu ditu. Besteak beste, berme osoko prozesu baterako eskubidea eta bidezko epaiketa baterako eskubidea urratu zaizkiela salatu du. Halaber, babes judizial eraginkorrerako eskubidea ere urratu zaiela azpimarratu du, instrukzioan, prozeduran egindako atxiloketetan eta dokumentuen desklasifikazioan CNIk izandako parte-hartze ezohikoagatik. Zenonek azaldu duenez, "CNIren jarduera horrek ez du legearen babesik, CNIk ezin baitu egitate penal bat ikertu, ezta instrukzio epaile batek egindako eginbideetan parte hartu ere", bere ustez, CNIren funtzioa transmutatu egin da, "ez du baimen judizialik eta ez ditu Prozedura Kriminalaren Legean ezarritako bermeak betetzen" . Esku hartze horrek, bestalde, botereen banaketa bortxatzen duela adierazi du.
Auzipetuek euren abokatuekin zituzten elkarrizketak legez kanpo entzun direla salatu dute defentsa-abokatuek, bai eta errugabetasun presuntzioa urratu zaiela ere. Izan ere, egiten ari ziren eta sekretuak ziren eginbideetako datuak hedabideetara filtratu ziren, eta horietan, erruduntzat eta ETAko kidetzat jotzen ziren auzipetuak. Are, "Barne ministroak berak ere agerraldi publiko bat egin zuen, errugabetasun-presuntzioarekiko nolako errespeturik gabe, ETAko kidetzat joz", gaineratu dute.
Jone Goirizelaia, Zuriarrainen abokatuak, Alfonso Zenonek (Zulueta eta Enparantza) eta Aiert Larrartek (Zelarain), argudiatu dute beren ordezkatuei non bis in idem printzipioa urratu zaiela, pertsona bat ezin baita behin baino gehiagotan delitu beragatik epaitu; pertsona horiek 2013an delitu bera leporatuta epaitu eta zigortu zituzten, eta, beraz, epaitutako egitatearen salbuespena aplika liteke, abokatuen ustez.
Epaiketak bihar jarraituko du, ziurrenik; izan ere, saioaren amaieran jakinarazi dutenez, sumarioko magistratuetako batek txertoaren bigarren dosia jaso du atsedenaldian eta kalte egin dio, okerrera egiten badu, baliteke bihar epaiketara joateko moduan ez egotea; kasu horretan, epaiketa bertan behera geratuko litzateke, harik eta pertsona hori jarraitzeko moduan egon arte.
Fiskaltzak ETAko kide izatea edo erakunde armatuari laguntzea leporatzen dizkie. Guztira, 86 urteko kartzela-zigorra eskatu dute.
Larunbatean Bilbon eta Donostian egindako bi manifestaziotan ehunka lagunek 13/13 sumarioan oinarritutako epaiketa bertan behera uzteko eskatu zuten. EAJk, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk ere arbuiatu egin zuten epaiketa joan den astean.
Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak Auzitegi Nazionalaren egoitza atarian gaur adierazi duenez, "ez da euskal gizartearen sufrimenduan sakontzen jarraitzeko garaia".