Politika -

Katalunia

Puigdemont eta Junqueras Waterloon elkartu dira, lau urteren ostean

Bestalde, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak "iraganean ez geratzeko" eskatu dio Kataluniako Gobernuari.

Junqueras eta Puigdemont Waterloon. Argazkia: EFE.
Junqueras eta Puigdemont Waterloon. Argazkia: EFE.
Puigdemont eta Junqueras Waterloon elkartu dira, lau urteren ostean

0:00

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Carles Puigdemont Generalitateko presidente ohia eta Junts per Catalunyako burua eta Oriol Junqueras ERCko presidenteorde eta buruzagi ohia berriz elkartu dira asteazken honetan. Lehena Espainiatik atera zenetik, bien arteko lehen bilera izan da, eta eurodiputatuak Waterloon (Belgika) duen etxean bildu dira.

Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidente ohiarekin, Raul Romeva, Dolors Bassa eta Meritxell Serret kontseilari ohiekin batera heldu da Junqueras. Azken zatia oinez egin dute, eta, une horretan, dozena erdi jarraitzaile independentista agurtu dituzte, Batasunaren aldeko oihu artean eta esteladekin.

Hasiera batean, ERCko buruak etxeko eskailerak bakarrik igo ditu, inork ongietorria eman gabe. Nolanahi ere, minutu batzuk beranduago Puigdemontek independentziaren aldeko berrelkartzea irudikatu du, bere Gobernuko kide izandakoekin batera. Irudikapen horri Toni Comin eurodiputatua eta Valtonyc rapeatzailea gehitu zaizkie.

Gaurkoa Puigdemonten eta Junquerasen arteko lehen topaketa izan da ia lau urtetan. Denbora honetan, bien arteko desadostasunak nabariak izan dira, eta zuzentzen dituzten alderdiek etengabe egin dute talka proiektu independentistaren norabidea medio. Hala ere, eurodiputatuak azaldu duenez gaurkoa ez da adiskidetzeko bilera bat izan, bere partetik behintzat "beti egon baita elkar ulertzeko borondatea". Puigdemonten ingurukoek azaldu dutenez, gainera, bilerak izaera "pertsonala" du eta "ez dela politikaz hitz egingo".

Indultuak lortu zituztenetik, U-1eko presoak atzerrian dauden buruzagi independentistekin elkartzen hasi dira: joan den astean, esaterako, espetxetik atera ziren ERC alderdiko kideak Marta Rovira alderdiko idazkari nagusiarekin bildu ziren, Genevan.

Sanchezek Kataluniari aurrera begiratzea eskatu dio

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak aurrera egiteko eta "iraganari helduta ez geratzeko" eskatu dio Kataluniako Gobernuari.

Bileraren inguruan galdetuta, Sanchezek azpimarratu du Espainiak 2017ko gertaerak gainditzeko asmoz aurkeztu duela Berrelkartzerako Agenda, eta indultuak norabide horretan interpretatu behar direla azaldu du.

Hori dela eta, aurrera begiratzeko eta independentismoak duela lau urte egindako "akats" berak ez egiteko eskatu die alderdi independentistei.

Ildo horretan, Generalitateak Gobernu Zentralaren babes osoa duela ziurtatu du, Kataluniako gizartearen haustura ekarri duen egoera elkarrekin gainditzeko; izan ere, "denok behar dugu elkar", gaineratu du.

Junquerasek gaitzespena ukatu du, baina elkarrekin agertzea saihestu dute

Puigdemontekin izandako bilera "atsegina" eta "hunkigarria" izan dela azaldu du Oriol Junquerasek. Hala, gaitzespenak izan direnaren susmoa ukatu du, baina publikoki elkarrekin egotea eta agerraldi bateratu bat egiteari ezezkoa esan diote.

Junquerasek azaldu duenez, bazkariak ez du proiektu independentistaren norabidean sakontzeko balio izan. "Egoera pertsonalaz eta familiez hitz egin dugu, baita errepresioaren aurka borrokatzeko konpromisoaz ere", adierazi du kazetarien aurrean egindako agerraldian.

Puigdemontekin egon daitezkeen desadostasunen inguruan, ERCko buruak ukatu egin du gaitzespenik egon denik, eta esan du biak bat datozela errepresioaren salaketan eta amnistiaren aurrean elkarrekin lan egitean.

Kontu Auzitegiak eskatutako fidantzei buruz galdetu diotenean, buruzagi errepublikanoak erakundeak duen "errepresio ekonomikoaren" aurka egin du, eta organo "politikoa" dela esan du, "Politikariz eta izendapen politikoz osatua".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Belgika bideoak Pedro Sánchez albisteak Gaurko titularrak Gaurko azken ordukoa Puigdemont gaur Kataluniako prozesua zuzenean Oriol Junqueras albisteak