Politika -

KATALUNIA

Pedro Sanchez: "Ez da autodeterminazio erreferendumik egingo"

Diputatuen Kongresuan egin duen agerraldian, argi eta garbi utzi du PSOEk ez duela inoiz erreferendumik onartuko. Aldi berean, ez du uste gatazka epaitegietan konponduko denik.

Pedro Sanchez Espainiako Diputatuen Kongresuan. Argazkia: EFE
Pedro Sanchez Espainiako Diputatuen Kongresuan
Pedro Sanchez: ''Ez da autodeterminazio erreferendumik izango''

0:00

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak agerraldia egin du asteazken honetan Diputatuen Kongresuan, besteak beste, Kataluniako preso independentistei indultua eman izana azaltzeko. Diputatuen aurrean egin duen hitzaldian, argi eta garbi utzi du ez dela autodeterminazio erreferendumik egingo Katalunian. Haren esanetan, ezinezkoa da PSOEk ez duelako inoiz horrelakorik onartuko. Gobernuburuak indultuak justifikatu ditu gatazka konpontzeko bidean, "bide judizialak, berak bakarrik, ez baitu balio Katalunian elkarbizitza bermatzeko".

Sanchezek nabarmendu duenez, autodeterminazioaren defendatzaileek Kongresuaren hiru bostenak konbentzitu behar dituzte Espainiako Konstituzioaren bigarren artikulua aldatzeko. Kasu hipotetiko horretan Espainiako hiritarrek berretsi beharko lukete Konstituzioan egindako aldaketa hori, erreferendum bidez.

Graziazko neurria legezkoa eta konstituzionala dela defendatu du Sanchezek eta gogoratu du Aznarrek 2.700 indultu eman zituela eta Rajoyk, 800 baino gehiago.

Gobernuburuak konkordia eta elkarrizketa aldarrikatu ditu: "Konkordia ez zen aldi bakar baterako, luzerako helburua zuen". 

Pedro Sanchez Pere Aragones Generalitateko presidentearekin elkartu biharamunean etorri da gaurko agerraldia. Atzo, Kontu Auzitegiak 5,4 milioi euro eskatu zizkien Kataluniako prozesuko buruei

Oposizioak legealdia amaitutzat ematea eskatu dio Sanchezi
Oposizioak legealdia amaitutzat ematea eskatu dio Sanchezi
Oposizioak legealdia amaitutzat ematea eskatu dio Sanchezi

1:33

Pablo Casado Alderdi Popularreko buruak asteazken honetan Kongresuan iragarri duenez, bere alderdiak dagoeneko helegitea aurkeztu du Auzitegi Gorenean Kataluniako prozesuagatik zigortutakoei egindako indultuen aurka. Casadoren esanetan, helegiteari esker, Sanchez Gobernutik "kentzea" eta PSOEren "epitafioa" lortuko dute.

Bestalde, Santiago Abascal Voxeko presidenteak Pablo Casadori eskatu dio "erantzukizuna bere gain hartzeko" eta Sanchezen aurkako zentsura mozioa aurkezteko, "Espainiarrei bozetan duten ahotsa itzultzeko". PPk mozioa aurkezten badu, Voxek "gaitzespenik gabe babestuko duela" esan du.

Unidas Podemosek "nazio aniztasunean" aurrera egiteko deia egin dio Sanchezi, "agortuta" dagoen estatu autonomiko baten aurrean, Kataluniako gatazkaren konponbidea aztertzeko, eta Negoziazio Mahaian "amnistiaren eta autodeterminazioaren" inguruan hitz egin ahal izatea defendatu du, Konstituzioan legezko lekua dutela iritzita.

Gabriel Rufian ERCko bozeramaileak txalotu egin du indultuen neurria, gatazka politikoa konpontzeko balio ez badute ere "giro politikoa hobetzeko neurri bat direlako, eta horrek jokalekuaren erdigunean jarraitzea ahalbidetzen duelako, eta ez muturretan, lokatza baitago".

Ines Arrimadas Ciudadanoseko presidenteak ere Sanchezen aurkako zentsura mozioa aurkezteko eskatu dio Alderdi Popularreko buruzagiari, izan ere, buruzagi independentistak indultatu ostean, "ezustekoren bat" izan daitekeela uste du.

Miriam Nogueras Juntsek Kongresuan duen bozeramaileak Sanchezi ohartarazi dionez, "adiskidetzeko" eta "berdinetik berdinera hitz egiteko". Aro berri bat hasteko Kataluniaren eta Espainiaren arteko "dibortzioa formalizatzetik" hasi behar da, eta hautestontzien "emaitza errespetatzetik", kataluniarrek ez baitzuten "berriz elkartzeko" eskatu, "independentzia" baizik. "Fartsa hau ezin da jasan", gaineratu du.

Aitor Esteban EAJk Kongresuan duen bozeramaileak Pedro Sanchezi aholkatu dio "zarata" alde batera uzteko eta herrialde berria, irekiagoa eta autogobernua eta identitate nazionalak errespetatzen dituena bultzatzeko aukera aprobetxatzeko: "Saiatu irtenbideak bilatzen, eta ez esan inoiz" etorkizunerako formula gisa. Estebanek errefusatu egin du hauteskundeak aurreratzea edo ustezko zentsura mozioak aurrera egitea, izan ere, Gobernuak babes nahikoa du Ganberan, eta, beraz, herrialdearen diseinuan eta parlamentuko kideekin hitz egiten aurrera egitea gomendatu dio.

"Egindako urratsak aintzat hartzen ditugu, baina zugandik eta zure gobernutik askoz gehiago espero dugu", esan dio Mertxe Aizpurua EH Bilduko bozeramaileak, eta presidenteari gonbita egin dio "ezkutuan dauden arazoei aurre egiteko" eta oraindik "hartzen ausartu ez diren" erabakiak hartzeko, esaterako, "gatazka nazionalei konponbide demokratikoak emateko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua albisteak Katalunia egoera politikoa Politika albisteak Alderdi Sozialista Kataluniako erreferenduma Espainia Pedro Sánchez argazkiak Gaurko titularrak Eguneko albisteak Kataluniako prozesua zuzenean