Politika -
JAURLARITZA
Landaguneak garatzeko lege-proiektua onartu du Jaurlaritzak
Lege-proiektu horren helburua da landa-eremuak bizitzeko leku erakargarriak izatea, kohesioaren eta aukera-berdintasunaren ikuspegitik.
EITB MEDIA
Jaurlaritzak Euskadiko Landa Garapenerako lege-proiektua onartu du. Landa-eremuetako biztanleei eustea eta gune horietara biztanleak erakartzea du helburu, hiri-garapenarekin batera aurrera egin dezaten.
Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak lege-proiektu berriaren xehetasunak eman ditu astearte honetan Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan. Aurreproiektu hori Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak egin du, foru aldundiekin lankidetzan eta inplikatutako erakunde sektorialen zuzeneko partaidetzarekin.
Lege horrek 1998tik indarrean dagoena ordeztuko du, eta landa-garapeneko estrategia berri bat ezarriko du. Lege-proiektu honen bidez, landa-eremuak bizitzeko leku erakargarriak izatea lortu nahi da, kohesioaren eta aukera-berdintasunaren ikuspegitik.
Horretarako, gaur-gaurkoz martxan dauden laguntza-programak indartuko dira (Erein eta Leader programak) eta Landa Garapeneko Sarea eratuko da, besteak beste, Jaurlaritzako, foru aldundietako, EUDELeko, ACOA-AKEko (Arabako Kontzejuen Elkartea), Kuadrilletako eta Haziko (Lurralde) ordezkariek eta talde teknikoek osatuko dutena.
Proiektu honekin, Jaurlaritzak aurrera egin nahi du lurralde-garapenaren kontzepzio baterantz, EBk bultzatzen duen Lurralde Kohesiorako Politikaren ildotik. Gainera, lege berriak "rural proofing" edo landa-eremuko berme mekanismoa du: gobernuek politika publiko guztiak berrikusteko eta aztertzeko konpromiso hartzen dute, landa-eremuei kalterik egiten ez dietela ziurtatzeko.
Pandemiaren egoerak hazkunde deigarria eragin du biztanle gutxiko zenbait gunetan. Bizi-kalitate hobea bilatu nahi izan dute askok, eta, adibidez, Arabako Mendialdean biztanleria % 7,1 hazi da 2020an eta 2021ean.
Aitzindariak landa-garapenean
1998ko Legearekin, Euskadi aitzindaria izan zen Estatuan eta Europan landa-garapeneko politika berriak abian jartzen. Orain, 20 urte geroago, eraldaketa garrantzitsuak eta joera berriak uztartu dira, eta bete-betean eragiten diete landa-inguruneari eta landa-ingurunearen eta hiri-ingurunearen arteko elkarrekintzari.
Gobernu Kontseiluak onartu ondoren, Legebiltzarrak Landa Garapenaren lege-proiektua jasoko du, izapidetu eta, ondoren, onartzeko.