Politika -
Bozak Ipar Euskal Herrian
Zentro-eskuina nagusi, baina EH Bai garaile Hendaiako kantonamenduan
Bigarren itzulian zentro-eskuinak 11 kantonamendu lortu ditu. Kantonamendu bakarra geratu da hortik kanpo, Hendaia-Hego Kostaldea. Bozetako protagonista nagusia abstentzio handia izan da berriro.
EITB Media
Zentro-eskuina Ipar Euskal Herriko kantonamendu gehienetan gailendu da Pirinio Atlantikoko departamenduko hauteskundeen bigarren itzulian. EH Bai alderdi abertzaleak Hendaian irabazi du. Akitania Berria eskualdeko hauteskundeetan Alain Rousset sozialistaren hautagaitzak irabazi du.
Hendaiako kantonamenduan, EH Baik garaipena lortu du hauteskundeen bigarren itzulian. Honenbestez, Iker Elizaldek eta Annie Povedak ordezkatuko dute kantonamendua Pirinio Atlantikoetako Kontseiluan.
Chantal Kehrig Cottençon eta Frederic Tranche hautagai sozialistak (Gauche 64) mendean hartu dituzte.
Gainerako euskal kantonamenduetan, zentro-eskuineko hautagaiak nagusitu dira. Hala ere, bozetako protagonista nagusiak abstentzio handia eta parte-hartze txikia izan dira berriro, lehen itzulian bezala.
Horrela, bigarren itzulian, zentro-eskuinak 11 kantonamendu lortu ditu. Ipar Euskal Herriko 22 kontseilari izango ditu Pauen. Kantonamendu bakarra geratu da hortik kanpo, Hendaia-Hego Kostaldea, hain zuzen ere. Poveda eta Elizalde izango dira bertako kontseilariak, Alderdi Sozialistari aurrea hartu ostean.
EH Bai koalizioak "historikotzat" jo ditu Hendaiako emaitzak, txio batean:
Baigura eta Mondarrain kantonamenduan, Jean-Pierre Harriet eta Isabelle Pargade zentro-eskuineko bikotea (Force 64) Txomin Hiriart-Urruti eta Magali Lartigue EH Baiko bikoteari gailendu zaio.
Era berean, Bidaxune aldea, Amikuze eta Oztibarren, Ane Marie Bruthe eta Jean Jaques Lasserre zentro-eskuineko hautagaiek irabazi dute, koalizio abertzaleko Emilie Dubois eta Xabi Larralde atzean utzita.
Mendialdeko kantonamenduan ere, boto-emaileek Force 64ko hautagaiei eman diete babes handiena. Horrela, Jean Pierre Mirandek eta Annick Trounday Idiartek ordezkatuko dute kantonamendua Pirinio Atlantikoetako departamenduaren kontseiluan. EH Bai koalizioko Anita Lopepe eta Francois Camus bikoteak botoen % 41 lortu ditu bigarren itzulian.
Donibane Lohizunen, alde txikiagoa izan da, baina emaitza berdina: zentro-eskuineko bi hautagaiak nagusitu dira, Emmanuel Alzuri eta Patricia Arribas-Olano. Peio Etxeberri-Aintxart eta Leire Larrasa koalizio abertzaleko bikoteak bozen % 31 erdietsi ditu, baina ez da nahikoa izan.
Errobi-Aturri eta Uztaritze, eta Errobiko ibarrak eta Urdazuri kantonamenduetan, aise nagusitu dira zentro-eskuineko hautagaiak.
Bestalde, Angelu eta Baiona 1, 2 eta 3 kantonamenduetan, zentro-eskuineko bikoteek mendean hartu dituzte hautagai sozialistak.
Berdeak hiru kantonamendutan lehiatu dira (Angelu, Baiona 1 eta Biarritz) eta Alderdi Sozialista hirutan (Baiona 2, Baiona 3 eta Hendaia-Hego Kostaldea). Guztietan galdu dute.
Abstentzio oso handia, protagonista
Ipar Euskal Herria barne duen Pirinio Atlantikoetako departamenduan, botoa eman zezaketenen artean % 16,12k egin du 12:00etarako. Parte-hartze oso baxua izan da, historiari erreparatuz gero, baina joan den astean eguerdian zena baino bi puntu altuagoa; izan ere, ekainaren 20an parte-hartzea % 14,5ekoa izan zen eguerdian.
17:00etan, parte-hartzea % 32,65ekoa izan da. Beraz, lehen itzulian baino zertxobait handiagoa izan da. Iragan igandean boto-emaileen % 31,37k parte hartu zuten ordu horretarako. Hala ere, 2015eko hauteskundeetan hautesleen % 44,42k eman zuten botoa ordurako.
Badirudi iragan igandeko abstentzio historikoak eragin diela oraingoan boto-emaile batzuei, baina, oro har, ez da mugimendu handirik izan igande goizean hauteslekuetan. Pirinio Atlantikoetako departamendua eta Akitania Berria eskualdea "urrun" geratzen direla ere adierazi dute herritarrek.
08:00etan zabaldu dituzte hautetsontziak, eta 18:00etan itxi.
Eskualdeko hauteskundeak
Eskualdeko hauteskundeetan, ostera, Alain Rousseten ezkerreko hautagaitzak aise irabazi du Ipar Euskal Herrian. Akitania Berri osoan ere berarentzat izan da garaipena.