Politika -
Omenaldia Bilbon
Eusko Jaurlaritzak poliziaren biktimak omenduko ditu gaur
Balorazio Batzordearen lehen txostenean biktima estatusa onartu zaien 30 pertsonek hartuko dute parte ekitaldian.
EITB Media
Torturaren Biktimen Aldeko Nazioarteko Egunean, Eusko Jaurlaritzak poliziaren biktimak eta haien familiak omenduko ditu, larunbat honetan.
Bilbon izango da ekitaldia, eta Balorazio Batzordeak biktima moduan onartu dituen 30 pertsonek hartuko dute parte. Jaurlaritzak 1978 eta 1999 artean izandako poliziaren biktimen konponketarako sortu zuen batzordea.
Omenduen artean, Idoia Ayerbe eta Juan Ramon Arretxe egongo dira, zendutakoak biak. Baita Manolo Vizcay, ekitaldira bertaratuko dena. Felipe Agirre Gaztañaga, 1968an Aberri Egunaren propaganda egiteagatik torturatua; eta Ines Barayazarra Apraiz, 1972an poliziak hiru aldiz atxilotu eta eraso zuen emakumea, ere omenduko dituzte Bilbon.
Batzordean errekonozimendua emateko 1.017 eskaera jaso dituzte, eta 55 aztertu ostean, 35 ebatzi dituzte. Larunbatean Eusko Jaurlaritzak ekitaldi bat egingo du Bilbon biktimen senideei ebazpenak helarazteko.
Aztertutako 55 txostenetan (43 gizonezko eta 12 emakume) 11 heriotza eta tortura edo tratu txarren 36 kasu daude. Horietatik, 33 Guardia Zibilarenak eta 16 Espainiako Poliziarenak dira, eta biktimen artean 26k ez dute lotura politikorik, 9 ETAkoak ziren eta beste 3ri erakunde armatuari laguntzea leporatzen zieten.
Larunbatean, Jaurlaritzak perituen errekonozimendu irizpena emango die 30 biktimari edo haien senideei. Txostenean ageri diren beste bost biktimek ukatu egin dute gonbidapena.