Politika -
Polizia-operazioa
Aske utzi dituzte atzo Lekeition atxilotu zituzten bi gazteak
Arratsaldean manifestazio jendetsua egin zuten Bizkaiko kostaldeko herrian, eta jende andanak adierazi zien babesa bi gazteei.
EITB MEDIA
Auzitegi Nazionalaren aurrean telematikoki deklaratu ostean, aske utzi dituzte atzo Lekeition atxilotutako bi gazteak, karguekin. Ondasun materialen aurkako delitu terrorista bat egitea egotzita atxilotu zituzten atzo goizean.
Berria egunkariaren arabera, gaua Deustuko polizia-etxean igaro ondoren, goizean deklaratu dute bi gazteek Santiago Pedraz epailearen aurrean, eta karguekin aske utzi ditu. Dena dela, epaiketaren zain geratuko dira, eta hamabostean behin epaitegian sinatu beharko dute.
Atzo goizean goiz Ertzaintzaren hainbat patruilak bi gazteen etxeak miatu zituzten Lekeition, eta, ondoren, atxilo eraman zituzten biak.
2020an, Ean (Bizkaia), kutxazain bati su ematea leporatuta eman zuen Auzitegi Nazionalak bi gazteak atxilotzeko agindua. Patxi Ruiz ETAko presoaren gose grebaren harira egindako protesten baitan kokatzen dute erasoa. ATA (Amnistia Ta Askatasuna) Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak sustatu zituen protesta horiek, desadostasunengatik ETAtik kanporatu zuten presoari elkartasuna adierazteko.
Bi atxilotuez gain, eraso horretan beste pertsona batek ere parte hartu zuela gaineratu du Auzitegiak. Hirugarren pertsona hori, baina, iazko azaroan atxilotu zuten, beste sabotaje batzuk ere leporatuta.
Gazteei babesa adierazteko elkarretaratzea egin zuten atzo Lekeitioko San Kristobal plazan, eta jende andana bildu zen bertan.