Politika -
indultuak
Bederatzi politikari independentista katalanak aske daude jada
Kartzelatik atera ostean, presoek Kataluniako independentzia eta auzipetuen amnistia gauzatzeko lanean jarraituko dutela agindu dute.
a. s | eitb eus
Sedizioagatik eta dirua bidegabe erabiltzeagatik kondenatutako Kataluniako bederatzi politikari independentistak espetxetik irten dira jada, atzo Ministroen Kontseiluan indultuak onartu ostean.
Estatuko Aldizkari Ofizialak indultua argitaratu eta Gorenak aske uzteko agindua eman ondoren geratu dira aske bederatziak. Lledonerseko espetxetik Oriol Junqueras, Quim Forn, Josep Rull, Jordi Turull, Raül Romeva, Jordi Cuixart eta Jordi Sanches atera dira, "Freedom for Catalonia" (askatasuna Kataluniarentzat) leloa zuen pankarta eta bandera independentista bat eskuan zutela.
Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidente ohia izan da espetxetik irtetzen lehena. 12:00etan puntuan irten da Wad-Ras (Bartzelona) kartzeletatik. Dolors Bassa kontseilari ohiak, berriz, 12:15ean utzi du Puig de les Basses espetxea, Figueresen (Girona).
Lledonersetik atera direnean, senideek, Pere Aragones Generalitateko presidenteak, Kataluniako Gobernuko hainbat kontseilarik eta alderdi eta erakunde independentistetako buruzagiek harrera egin die zazpi presoei, baita dozenaka lagunek ere.
Jordi Cuixart Omnium Culturaleko presidentea izan da aurrenekoa hitz egiten, eta, Carles Puigdemont, Marta Rovira, Antoni Comin, Clara Ponsati eta Anna Gabriel, "Proces" eko "erbesteratuak" izan ditu gogoan.
Bere hitzaldian, Cuixartek ohartarazi du kataluniarrek jada ez dutela beldurrik: "Errepresioak ez gaitu garaitu. Ez gaituzte isilarazi eta ez gara inoiz isilduko", esan du, eta, Espainiako Estatuak indultuak Europaren eta Kataluniaren presioagatik onartu dituela azpimarratu du.
Junqueras izan da bigarren hizlaria eta "gaur ez dela ezer amaitzen" eta pertsona guztien konpromisoarekin, ahaleginarekin eta askatasunaren aldeko lanarekin jarraituko dutela ohartarazi du. "Kartzelak ez gaitu ahultzen, gure konbentzimenduak indartu baizik", ziurtatu du ERCko presidenteak.
ANCko presidente ohi eta JxCateko idazkari nagusi Jordi Sanchezek gaurkoa egun handitzat jo du, presoak "denak batera, modu duin batean, elkarrekin, zutik" atera direlako. Gainera, indultu baten truke isiltasunik ez dutela onartuko ohartarazi du.
Joaquim Fornek, berriz, ideia berak izaten jarraitzen dutela berretsi du: "Berdin pentsatzen jarraitzen dugu, inoiz baino indartsuago gaude", adierazi du kontseilari ohiak, eta independentziaren alde eta errepresio mota guztien aurka borrokatzen jarraituko dutela agindu du.
Lurralde eta Iraunkortasun kontseilaria Josep Rull izan da hurrengoa hitz egiten, eta Kataluniaren independentzia lortzeko borrokan jarraituko dutela, eta barkamena eskatu behar dutenak 2017ko urriaren 1ean jendea jipoitu zutenak direla nabarmendu du.
Jordi Turullek salatu duenez, "Europan oraindik badago justiziaren 'Guantanamo' bat, Auzitegi Gorena eta Auzitegi Nazionala izena dutenak", eta, Raul Romeva kontseilari ohiak azpimarratu du presoak askatasunaren, amnistiaren, autodeterminazioaren eta errepublikaren alde lan egiten jarraitzeko atera direla kalera. "Kartzeletan giltzaperatuta gogoa amaituko zaigula uste badute, herria eta garaia okertu direla uste dute", gaineratu du.
Amaitzeko, zazpi politikariek 'Els Segadors' abestu dute.
Forcadellek indultua "garaipen txiki" gisa ospatu du
Forcadellek Roger Torrent eta Laura Borras Parlamentuko presidenteek zituen zain, baita Joan Ignasi Elena Barne kontseilariak eta Jaume Giro Ekonomia kontseilariak ere. Kataluniako Parlamentuko presidente ohiak indultua "garaipen txiki bat" dela esan du, amnistia, autodeterminazioa eta Kataluniako errepublika lortzeko.
Espetxetik atera berritan hedabideei egindako adierazpenetan adierazi duenez, orain erronka "errepresioaren amaiera eta erbesteratuak itzuli ahal izatea" da. Era berean, espetxean egon den bitartean jasotako babesa eskertu du.
Dolors Bassa: "Hau ez da amaitu"
Dolors Bassa kontseilari ohiak, berriz, Kataluniaren askatasuna eta autodeterminazioa aldarrikatu ditu Puig de les Basseseko espetxetik irtetean, baina "ezer ez" dela amaitu ziurtatu du.
Bere esanetan, indultuak politikan gauzak egiteko eta judizializatzeko atea irekitzen ditu, eta gogorarazi du prozesu soberanistarekin lotutako auzi judizialak oraindik zabalik daudela eta hori lotsagarria dela.
BIDEOA: Dolors Bassa, espetxetik irtetean: ''Ez da ezer amaitu''
Bassak Miquel Marti i Pol-en Som on som, perquè tot està per fer i tot es possible olerkiaren zati bat errezitatu du, hain justu, astelehenean, Pedro Sanchez Gobernuko presidenteak Lizeoko Antzokian hitzaldia hasteko erabili zuen poema bera.
Espainiako Gobernuak onartutako indultua partziala eta baldintzatua da; izan ere, kartzela-zigorra barkatu arren, Gorenak ezarritako gaitasungabetze zigorra osorik bete beharko dute, eta, ondorioz, 9 eta 13 urte bitartean kargu publiko izatea galarazita izango dute.
Halaber, 3-6 urtean beste delitu larririk eginez gero, indultua bertan behera geratuko dira.