Politika -

ARGALARI OMENALDIA

Europak Espainia zigortu du Erkiziaren adierazpen askatasuna urratzeagatik

Giza Eskubideen Europako Auzitegiak uste du ezarritako zigorra ez zela neurrikoa izan, ezin baita ondorioztatu Erkiziak ekintza terroristak justifikatu nahi zituenik.

Tasio Erkizia ezker abertzaleko buruzagi historikoa. Argazkia: EITB Media
Tasio Erkizia ezker abertzaleko buruzagi historikoa.
Erkizia: 'Ikusi da epaile askok interes politikoen arabera ematen dituztela epaiak'

0:51

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Espainia zigortu du Tasio Erkiziaren adierazpen askatasuna urratzeagatik. Ezker abertzaleko buruzagi historikoari urtebeteko kartzela-zigorra eta zazpi urteko gaitasungabetzea ezarri zioten, Jose Miguel Beñaran Argalaren omenaldian parte hartzeagatik.

Estrasburgoko Auzitegiaren ustez, ezarritako zigorra "ez zen neurrikoa izan"; izan ere, "ezin da ondorioztatu auzi-jartzaileak ekintza terroristak justifikatu nahi zituenik". Are gehiago, izatekotan, gaineratu duenez, kontrakoa izan zen; alegia, bide demokratiko berri baten alde egin zuen.

Horrela, Espainiako Gobernuak 6.000 euroko kalte-ordaina eman beharko dio Erkiziari sortutako kalte moralengatik, eta 5.000 eurokoa ordainsaria, Giza Eskubideen Europako Hitzarmenaren (Adierazpen Askatasunaren) 10. artikulua urratu duelako. 

Erkizia Jose Miguel Beñaran Argala ETAko kideari Arrigorriagan 2008an egindako omenaldian izan zen. Egindako adierazpenekin terrorismoa goratu zuela ebatzi zuen Auzitegi Nazionalak, eta urtebeteko kartzela-zigorra eta zazpi urtean kargu publikoan aritzeko debekua ezarri zioten.

Ezker abertzaleko buruzagi historikoak helegitea aurkeztu zuen Giza Eskubideen Europako Auzitegian. Orain, Estrasburgoko Auzitegiaren ustez, "ez da frogatu indarkeria terrorista zuzenean edo zeharka bultzatu zuenik, eta auzi-jartzailearen diskurtsoaren helburua bide demokratiko bati ekitea babestea zen". Era berean, Erkiziaren hitzaldia gorroto-diskurtsotzat hartzea baztertu du.

Dena dela, epaia ez da irmoa, Espainiako Gobernuak kasua berrikusteko eska baitezake.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Zer gertatu da gaur Bizkaian? Gaurko albisteak Gipuzkoa Albisteak Nafarroa Araba EAE Espainiako Gobernua Euskadi Ta Askatasuna albisteak Epaiketak albisteak Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Estrasburgoko Auzitegia epaiketak