Politika -

Dokumentazioa

Zeintzuk dira indultuaren eta amnistiaren arteko desberdintasunak?

Alde nagusia da lehenengoak zigorra kentzen duela, eta bigarrenak delitua bera, zigor edo ebazpenik egon gabe ere.

Preso kataluniarrak amnistia eskatzen. Argazkia: EITB
Preso kataluniarrak amnistia eskatzen. Argazkia: EITB
Preso kataluniarrak amnistia eskatzen. Argazkia: EITB

M.G. | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Indultua eta amnistia barkamen neurriak dira, delituengatik auzipetuta dauden pertsonei ematen zaizkienak, eta nahastu ohi diren arren, alde handi bat dago bien artean: lehenengoak zigorra barkatzen du; bigarrenak, delitua bera.

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak 'proces'eko zigortuei indultua emango diela iragarri ostean, alderdi independentistek indulturik ezetz, amnistia nahi dutela berretsi dute.

Baina, zeintzuk dira desberdintasunak?

Alde nabarmenena da indultuak zigorra kentzen duela, eta amnistiak delitua bera barkatzen du.

Hala, lehenengo kasuan derrigorrezkoa da zigor ebazpen bat egotea, eta errudun izaten jarraitzen du zigortuak, baina zigorra bete gabe. Amnistiaren kasuan, ez da zigorrik egon beharrik.

Gainera, indultuak ez die zigortuei ardura zibila kentzen; amnistiak, bai. Horregatik, indultuak ez du zertan aurrekari penalak kendu, eta amnistiak barkatu egiten ditu.

Indultua indibidualki ematen da, eta amnistia normalean kolektiboa izaten da. Lehenengoaren kasuan, indultua jasotzen duenak auzitegiaren eskura egon behar du zigorra betetzeko (erbesteratuek ez dute baldintza hori betetzen).

Indultuak espetxe zigorrei eragin ohi die, ez gaitasungabetzeei; izan ere, legearen 6. Artikuluaren arabera, "indultuak zigor nagusiari eta gehigarriei eragingo die, kargu publikoetarako gaitasungabetzeari izan ezik".

Hala eta guztiz ere, Kataluniakoen kasuan, litekeena da gaitasungabetzeari ere eragitea (oinarrizko kontua zigortuen etorkizun politikorako), zigor nagusiaren parte direlako, ez dira gehigarriak.

Azken hamarkadetan Espainiako Gobernuak zenbait aldiz indultatu ditu gaitasungabetzeak ere. Ondorioz, baliteke buruzagi independentisten kasuan ere hala gertatzea, etorkizunean kargu publikoak izateko aukera izan dezaten.

Nola egiten dira?

Indultua arautzen duen 1870eko legearen arabera, eskaera edozein herritarrek, Gobernuak, ministerio fiskalak edo ebazpena eman duen auzitegiak egin dezake.

Erregea da indultua sinatzen duena, baina horren aurretik Ministroen Kontseiluak eztabaidatu eta Justizia ministroari eman behar dio, eta errege dekretua aldizkari ofizialean argitaratu.

Amnistiaren kasuan, lege organiko baten bitartez egin beharra dago, eta horrek Diputatuen Kongresuaren gehiengo kualifikatua eskatzen du.

Helegitea jarri daiteke?

Indultuari dagokionez, Ministroen Kontseiluaren akordio bat denez, Auzitegi Gorenean aurkez daiteke helegitea, baina epaituko den bakarra da legea errespetatu ote den eta behar den bezala justifikatuta dagoen.

Amnistia legearen aurkako helegitea ere sar daiteke Auzitegi Gorenean, 1978an Montejurra kasuaren gertatu zen moduan. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Bartzelona Kataluniako erreferenduma Delituak Espainiako Gobernua Espainia Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak Amnistia Legea