Politika -
'Proces' auzia
Junquerasek berretsi du indultua "Estatuko aparatuen ahulezien" adierazlea dela
Ildo beretik, Carles Puigdemont president ohiak adierazi du Sanchezek indultuak Europaren presiopean sinatuko dituela.
EITB Media | Agentziak
Oriol Junqueras ERCren buruak esan du O-1eko espetxeratuen indultuak garaipen bat direla, "Estatuko aparatuaren ahulezien adierazle" diren heinean.
Catalunya Radion emandako elkarrizketan azaldu duenez, zigorren barkamenak babesteko tresna bat dira espainiar Estatuarentzako; azken urteetan hartutako "gehiegizko neurriak" aldatu ahal izateko modua, alegia.
Halaber, Carles Puigdemont Generalitateko presidente ohiak antzeko adierazpenak egin ditu igande honetan, Waterlootik (Belgika) egindako prentsaurreko telematikoan. Sanchezek indultuak behartuta sinatuko dituela azaldu du, "berak sinatu ezean europar Justiziak egingo duelako".
Gainera, Puigdemontek adierazi du "autoindultuak" direla, eta Kataluniako preso politikoei buruzko erabakia "hiru urte eta erdi berandu" iritsi dela.
PSOEren eta PPren arteko liskarra
Jose Luis Abalosek, PSOEren Erakunde idazkariak, "proces" auziko espetxeratuen "damurik gabeko" indultuak aldeztu ditu gaur, alderdiak Sevillan izan duen ekitaldian.
Abalosek salatu du PPren kezka nagusia ez dela zigorren barkamena, baizik eta PSOEk, Gobernuan dagoen bitartean, horiek sinatzea.
Bere aldetik, Pablo Casado ere aferaz aritu da igande honetan. PPren buruzagiak Pedro Sanchezen jarrera kritikatu du, indultuekin "zuzenbidezko Estatua desegin" duelakoan, agintean beste bi urtez jarraitzeko.
Epaileak bildu egingo dira
Ministro Kontseiluak aurreikusi duenez, uztaileko lehen astea baino lehenago sinatuko dituzte "proces" auziko bederatzi zigortuen indultuak. Aurretik, baina, kondenatu zituzten sei epaileak bildu egin beharko dira.
Ofizioz egingo dute bilkura magistratuek, eta Gobernuaren indultuen ezaugarriak kontuan izanda, auzipetutakoen kondenen likidazioa egin beharko dute.