Politika -

HAUTESKUNDEAK

Abstentzio historikoa izan daiteke Ipar Euskal Herriko departamenduko bozetan

Boto-emaileen %31,37k eman dute botoa 17:00ak arte. 18:00etan itxi dira hauteslekuak, beraz, % 60tik gorakoa izan daiteke abstentzioa. 20:00etatik aurrera jakingo dira emaitzak.

Hainbat lagun botoa ematen ekainaren 20ko hauteskunde hauetan Iparraldean.
Hainbat lagun botoa ematen ekainaren 20ko hauteskunde hauetan Iparraldean.
Abstentzioa da hauteskundeen kezka nagusi Ipar Euskal Herrian

1:19

E.J. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Kontseilu Nagusia eta Akitania Berri Eskualdeko Kontseilua hautatzeko hauteskundeen lehen itzulia egiten ari dira gaur Ipar Euskal Herrian. Eskumen asko dituzte bi erakundeok, gizarte zerbitzuak, langabeentzako laguntzak, bigarren mailako errepideak eta bigarren mailako hezkuntza... Hegoaldean foru aldundiek dituzten eskumen antzekoak, alegia, eta gai garrantzitsuak erabakitzen dituen arren, ez dirudi gizartearen interesa lortu dutenik, ez behintzat gazteena.

Izan ere, % 60tik gorako abstentzioa iragartzen zuten inkestek eta parte-hartze datuak ikusita, bete egingo dira aurreikuspenak.

12:00etan eman dira lehen parte-hartze datuak: Pirineo Atlantikoetako departamenduan hautesleen %14,5ek bozkatu dute, duela zazpi urte, 2015ean izan ziren hauteskundeetan, baino bi puntu gutxiagok (%16,86).

17:00etan, berriz, % 31,37k zuten emana botoa (% 41,46 2015ean). Frantses Estatuan, oro har, %26,72k azken hautekundeetan izandako %43koa baino askoz ere baxuagoa da datua.

18:00etan itxi dira hauteslekuak eta botoak kontatzen hasi dira, eskualdekoak lehenik eta departamendukoak ondoren. 20:00etatik aurrera jakingo dira emaitzak.

Gaurko emaitzen ondoren, ekainaren 27an izango da hauteskundeetako bigarren itzulia.

Jean René Etchegaray Baionako alkatea bozkatzen.

Pirinio Atlantikoetako Departamendu Kontseilua

Ipar Euskal Herriak eta Biarnok osatzen dute Pirinio Atlantikoen departamentua eta 54 hautetsik osatzen dute bertako Kontseilua (27 kantonamendu dira eta bakoitzetik bi pertsona hautatzen dira). Ipar Euskal Herriko 12 kantonamenduetatik 24 hautagai izendatzen dira eta Biarnoko 15 kantonamendutatik 30.

Zentro eskuinak du gehiengoa Kontseiluan, baina 2015ean ezker abertzalearen ordezkari den EH Baik Errobi-Aturri kantonamenduko eserlekuak lortu zituen. Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoako barruti guztietan aurkeztu da oraingoan EH Bai eta hainbat eserlekuren leihan sartzea espero dute.

Hauek dira Iparraldeko hauteskunde departamentaletako hautagai nagusiak.

Akitania Berria Eskualdeko Kontseilua

Akitania Berria Eskualdeko Kontseiluko bozetan, berriz, zortzi zerrenda aurkeztu dira. Ezkerraren esparrutik lau: PS alderdiko Alain Rousset (egungo presidentea),  EELV eta Generation alderdiko Nicolas Thierry, Frantzia Intsumiso eta NPAko Clemence Guetre, eta Langile Borrokako Guillaume Perchet.

Eskuinaren esparrutik hiru: Modem, Errepublika Martxan eta UDIren babesarekin, Genevieve Darrieussecq; Errepublikanoen aldetik Nicolas Florianena eta Jean Lassalle Pirinio Atlantikoetako diputatuak ere zerrenda osatu du.

Eskuin muturrak Edwige Diaz (Batasun Nazionala -lehen Fronte Nazionala) aurkeztu du.

Franck Dolosor ETBko kazetariak bere blogean jasotzen duenez, Akitania Berria eskualdeko hauteskundeen emaitzek "ondorio zuzena izan dezakete" Euskal Y proiektuarentzat, besteak beste. Irundik iparraldera nolako konexioa izanen den Akitania Berria eskualdeko kontseiluaren esku dago, hein batean, gogorarazi duenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Iparraldea argazkiak Frantzia argazkiak Baionako albisteak Biarritz bideoak Maule albisteak Donibane Garazi albisteak Hendaia albisteak Ipar Euskal Herriko Hauteskundeak gaur Gaurko titularrak Gaurko azken ordukoa Emmanuel Macron Zuberoa albisteak Lapurdi Nafarroa Behereko berriak