Politika -

Segurtasun Batzordea

Euskadik eta Espainiak indarkeria matxistaren biktimen datuak partekatuko dituzte

Genero indarkeriaren biktimen babesa indartzea eta Espainian haien mugikortasun segurua erraztea adostu dute Espainiako Barne Ministerioak eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak.

Josu Erkoreka eta Fernando Grande-Marlaska. Argazkia: EFE.
Josu Erkoreka eta Fernando Grande-Marlaska
Gaur bildu da berriro Madrilen Segurtasun batzordea, lau urteren ostean

1:17

Naiara Ballesteros | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email
Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak genero indarkeriaren biktimen datuak partekatuko dituzte, babesa indartzeko eta Espainian haien mugikortasun segurua errazteko, ostiral honetan Madrilen egindako Euskal Autonomia Erkidegoko Segurtasun Batzordean adostutako akordioaren arabera. Horretarako, bi gobernuek emakumeen aurkako indarkeria programak lotuko dituzte aurten, VioGen eta EBA (Emakumeen eta Etxeen Babesa).
Programa horien helburua da emakumeen aurkako indarkeriaren espedienteak modu integralean kudeatzea, arrisku-ebaluazioak homologatzea, babes egokia ezartzea eta babes-agindu judizialak kudeatzea.
Josu Erkoreka lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburua eta Fernando Grande-Marlaska Barne ministroa izan dira 2017tik bildu ez den koordinazio erakunde horren bileran buru.

Bestalde, Segurtasun Batzordeak erabaki du lantalde bat eratzea hiru hilabeteko epean azter dezan Ertzaintza UNE/Europol-Siena, Sirene eta Interpoleko datu-baseetako informaziora eta espedienteetara sartzeko modua.

Euskal Autonomia Erkidegoko Segurtasun Batzordea

Euskal Autonomia Erkidegoko Segurtasun Batzordea. Argazkia: EFE.

Halaber, bi administrazioek hitzeman dute Koordinazio Batzorde Iraunkor eta Teknikoa suspertuko dutela eta lantalde bat eratuko dutela interes orokorreko portuetan koordinazioa antolatzeko. 

Bileran, Terrorismoaren eta Krimen Antolatuaren aurkako Inteligentzia Zentro Nazionaleko (CITCO) Koordinazio Prozeduren Eskuliburua aldatzea ere erabaki dute, Segurtasun Batzordean bertan ezarritako akordioak errespetatuko dituen xedapen bat jaso dezan.

Lankidetza nazioartean, ziberkriminalitatean eta ingurumenean

Nazioarteko esparruan, Espainiako Gobernuak Europar Batasuneko Justizia eta Barne Arazoetarako Kontseiluan (JAI) aztertzen diren gaien berri emango dio Jaurlaritzari. Horrez gainera, Barne Ministerioak sustatuko du Ertzaintzak, EBko estatu kide bateko polizia gisa, mugaz gaindiko zaintza-lanak egiteko aukera izatea ikerketa judizialen esparruan, bai eta Europako esparruan garatzen diren lankidetza-proiektuetan parte hartzea ere.

Ertzaintzak eskumen handiagoak izango ditu mugetatik kanpo delituen ikerketa egiteko
Ertzaintzak eskumen handiagoak izango ditu mugetatik kanpo delituen ikerketa egiteko
Ertzaintzak eskumen handiagoak izango ditu mugetatik kanpo delituen ikerketa egiteko

0:39

Kriminalitatearen arloan, Segurtasun Batzordeak Ziberkriminalitatearen aurkako Plan Estrategikoan eta horren jarraipen-batzordean sartu du Ertzaintza.  

Era berean, Segurtasun Batzordeak erabaki du Ertzaintzak eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak bere gain hartzea gizarte zibilaren tripulatu gabeko aireontzien (droneen) operazioen administrazio-kontrola eta aurretiazko jakinarazpenak jasotzearen arloko arau eta prozedurak.

Azkenik, Segurtasun Batzordeak adostu du Ertzaintzaren eskumenak indartzea ingurumenarekin zerikusia duten eta Euskadin gertatzen diren delituen eta ez-zilegi administratiboen ikerketan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Indarkeria matxista Euskal Autonomia Erkidegoa Espainiako Gobernua Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa Feminismoa